AKTUALITATEA


| 2022-06-29 11:28:00

Ekainaren 25eko goizaldean Melillan gertatutako sarraskia salatzeko adierazpen instituzionala egiteko proposamena helarazi du EH Bilduk Gasteizko Udalean eta Arabako Foru Aldundian. Melillako hesiaren inguruan gertatutako sarraski horretan, behin-behineko balantzearen arabera, 37 pertsona hil dira eta askoz gehiago larri zauritu. Gertakari larri hori Espainiako Gobernuaren migrazio politiken porrotaren adierazpen tragikoa da. Iturri independenteek diotenez, 2021ean 2.126 pertsona hil dira Espainiar Estaturako migrazio-ibilbidean (2020an baino % 24 gehiago).

 

Horrela, EH Bilduk Udalari eta Aldundiari ekainaren 25eko goizaldean Melillako hesiaren inguruan gertatutako sarraskia eta Espainiako eta Marokoko poliziek eragindako indarkeria bortitza salatzeko eskatuko dio. Era berean, gertakariak argitzeko, erantzukizun politikoak eta penalak zehazteko eta biktimei dagozkien erreparazio-neurriak bideratzeko, ikerketa independente bat beharrezkoa dela uste du.

 

Era horretan, Udalari eta Aldundiari eskatuko die hildakoen gorpuak berreskuratzeko, identifikatzeko eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzeko, betiere familien nahiak errespetatuz. Azkenik, adierazpenaren arabera, egun Estatu Espainiarrak darabilen migrazio politikoa deitoratzeaz gain, migratzaile guztien duintasuna eta Giza Eskubideen errespetua bermatuko dituen legezko bide seguruak irekitzeko eskatuko dute.

 

Izan ere, ezin da alde batera utzi Espainiako Gobernuko presidenteak Melillako gertaeren ondoren adierazitako jarrera negargarria: batetik, immigrazioaren aurkako diskurtsoa erradikalizatu egin du, mugaren bi aldeetako polizia-jarduera hilgarriak justifikatzeaz gain, haien jarduera “ondo ebatzitako operaziotzat” jota; bestetik, Espainiako Gobernu desberdinek, eta Sanchez Presidentearenak tamalez ildo beretik segitzen du, hamarkadak daramatzate giza eskubideen aurkako migrazio-politika errepresiboak aplikatzen: Atzerritartasun Legea, CIESak, hegoaldeko mugaren militarizazioa, “beroan” egindako kanporaketak…; azkenik, eta Mendebaldeko Sahararen okupazioaren afera historikoaren konponbide demokratikorako orain arte indarrean zegoen kontsentsu politikoa aldebakartasunez apurtu eta Nazio Batuen Erakunderen ebazpenei muzin egin ostean, sinatutako akordioen ondorioz Marokoko Erresumaren esku utzi du Afrikako bere mugen zaintza, ekainaren 25eko goizaldean izandako ondorio dramatikoekin.

 

Hortaz, adierazi behar dugu heriotza horien erantzukizuna mugak ixteko migrazio-politika krudel eta ankerrei dagokiela. Politika horiek ez dira eraginkorrak immigrazioa kontrolatzeko helbururako; gainera, migratzaileei sufrimendu handia eragiten diete eta haien Giza Eskubideak etengabe urratzen dituzte. Politika horien bidez, Espainiako Estatuak bere lurralde osotasuna lehenesten du, migratzaileek askatasunez igarotzeko eta harrera duina eta integrala jasotzeko duten eskubidearen aurrean. Argudio berbera erabiltzen du, halaber, Irun eta Hendaia arteko mugan Bidasoa ibaiko tragediak saihestuko lituzketen korridore humanitarioak irekitzea ukatzeko, eta, horrela, mugak pertsonen aurretik jartzen ditu.