AKTUALITATEA


| 2021-06-16 09:34:00

EH Bildu harrituta eta haserre agertu da Urtaranen gobernuak ekainaren 21eko Hirigintza Batzordean Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren irizpideen eta helburuen proposamena bozkatzeko hartutako erabakiarekin. EH Bilduren ustez, Lurralde Departamentuak «negoziazio simulazio» bat egin du, eta udal taldeen fede onaz baliatu da. Gobernuak ostiralean erregistratu zuen dokumentua proposamen berriarekin, inori horren berri eman gabe, eta EH Bilduri egindako ekarpenak alderatzeko aukera ukatuz.

Baina okerrena ez dira formak, funtsa baizik. «EAJ eta PSEren gobernuak hazten, lurzorua kontsumitzen eta higiezinen eskaintza handitzen jarraitzearen akatsean jarraitzen du. Paradoxa da HAPO berriak oraingoa baino etxebizitza eskaintza handiagoarekin amaitzea, arlo horretan onartutako eta partekatutako diagnostikoa Gasteizek duen gehiegizko gaitasuna denean», dio Felix Gonzalez bozeramaileak.

Ildo horretan, desklasifikazio orokor bat iragarri arren, gobernuaren proposamenak eutsi egiten dio egungo HAPOan garatu gabeko sektoreetan aurreikusita zeuden 10 etxebizitzatik 9 eraikitzeari. Horrez gain, asmoa da hirigintza-operazioa bultzatzea Campo de los Palaciosen, lurperatzean aurreikusitako eremuan, Lakuan, Salburuan edo Zabalganan ekipamendu-partzelak edo beste aukera gune batzuk berrikusiz.

EH Bilduren ustez, bereziki kezkagarriak dira Urtaranek etxebizitza librearen sustapenaren alde eginiko azken adierazpenak. Agerian uzten dute eragile batzuek egindako presioei erantzuten diela, justuki euren negozio-eredua lurzorua kontsumitzen jarraitzean oinarritzen dutenak eta udalerriko hirigintza zehaztu nahi dutenak egungo egoerara eraman gaituen eraikuntza-ereduari eutsiz, zein ustezko espazio esklusiboak edo modak sortzean oinarritzen den.

Hala, berriz ere lehen eta bigarren mailako hiritarrak dituen Gasteiz batera goaz: hegoaldean gero eta etxebizitza libre esklusibo gehiago, eta hiritik urrutien dauden eremuetan alokatzeko eskaintza egiten da, Eusko Jaurlaritzaren menpe, 9.000 eskatzaile zain daudenean. Era berean, hirigintza-operazio berriak egitea ahalbidetzeak berriro atzeratuko du Salburua eta Zabalgana sendotzeko helburua.

«EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu higiezinen zurrunbiloari aurre egiteko eta etxebizitza babestuari lehentasuna emateko, bereziki, gazte eta adinekoentzako alokairuan eta dotazionaletan, eta Etxebizitzaren Euskal Legeak ezartzen duenaren ildotik. EAJk eta PSEk ez dute legea betetzeko konpromisorik, eta enpresa eraikitzaileen interesei alfonbra gorria jartzearen alde egiten dute», azpimarratu du bozeramaileak.

Planaren nukleo gogorra alde batera utzita, gobernuaren proiektuak beste proiektu kezkagarri batzuk mantentzen ditu. Nahiz eta zenbait puntutan ingurumen mailan garapen iraunkorrago batean aurrera egiteko asmoa ziurtatzen den, nahiz eta zehaztasun gutxirekin, gobernuak berriz ere Forondako Aireportuaren inguruan ingurumenarentzat kaltegarriena den alternatibaren alde egiten du, Zaiako dikea eraikiz.

EH Bilduk ohartarazi zuen HAPO fase erabakigarrian dagoela, eta EAJri eta PSEri eskatu die hausnartzeko eta denbora emateko ahalik eta adostasun zabalena lortzen. «EH Bilduk aldaketa adosteko prest jarraitzen du, egungo plan orokorraren eredu hedatzaile eta kaltegarria atzean uzteko. Zoritxarrez, gobernuaren proposamenak indarrean dagoen planak baino etxebizitza gehiago ahalbidetzen ditu, eta etxebizitza babestuaren eta alokairuaren sustapena erabat saihesten du. Bere eskuan hausnartzea dago».