AKTUALITATEA


| 2022-01-20 10:58:00

EH Bilduk udalerriko hainbat markesinetan abortatzeko eskubidearen aurkako mezuekin kontratatu eta ordaindutako publizitatea agertzea «deitoragarria eta onartezina» dela adierazi du. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, «Emakumeek beren gorputzari buruz erabakitzeko duten eskubidearen kontrako eraso zuzena dira mezu horiek, eskuinaren estrategia zabalago baten barruan kokatzen direnak eta hertsapenaren eta presio zuzenaren bidez eskubide horren erabilera murriztea eta zailtzea helburu dutenak».

Mezuak Gasteizko Udalaren jabetzakoak diren publizitate-markesinen bidez zabaldu izanak larritasun-ñabardura bat gehitzen dio gaiari. Ildo horretan, Viterok deitoratu du Urtaranen gobernuak
«kontrolik eza» duela udal-jabetzako guneetan argitaratzen denaren gainean: «Argi dago denak ez duela balio, eta udal espazioetan ez da onargarria emakumeen aurkako propaganda kaltegarri hori agertzea. Urtaranen gobernuak azaldu beharko du nola eta noiz onartu den kanpaina hau hartzea».

Markesina horien lizitaziorako baldintzen kontrol eza, adibidez, ez dator bat Tuvisaren baitan udal talde guztiek adostutakoarekin. Pleguan berariaz jasotzen denez, enpresa publikoak «edozein euskarriren edukiak gainbegiratu beharko ditu, euskarri horiek jarri eta/edo jaulki aurretik». Gainera, Tuvisak ahalmena du iragarkiak jartzea zuzenean debekatzeko, edukiak bere irudiaren aurka egiten duela edo iraingarria dela uste du
enean. EH Bilduk udal markesinak kontratatzeko baldintzak berrikustea proposatuko du, berrikuspen eta gainbegiratze hori barne hartuta, Berdintasun, Bizikidetza eta Aniztasun Sailaren esku gera daitekeena.

EH Bilduk gogorarazi du udal-markesinak kudeatzeko kontratua lizitatzeko baldintza-agiriak berariaz jasotzen zuela, zazpigarren artikuluan, kokaleku horietan jartzen den publizitatea
ezin izango dela «iraingarria, diskriminatzailea eta udalaren irudi edo jarduerari kalte egingo diona», eta, argi eta garbi, hori ez dela bete kartel horiekin.

Viterok gogorarazi du udal-markesinen kudeaketaren enpresa esleipendunak 2020an lortu zuela berriro kontratua, Gasteizko Udalari milioi bat euro baino gehiago zor dizkion arren.
«Onartezina da. Milioi bat euro baino gehiago zor zizkigun enpresa batek berriro lortu zuen zerbitzua ematen jarraitzeko lizitazioa, eta orain ez ditu baldintza-agiriaren baldintzak betetzen. Propaganda hori berehala kentzeaz gain, udal gobernuak kontratuaren ez-betetze hori zehatzea nahi dugu», adierazi du zinegotziak. EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkie Espazio Publiko, Berdintasun eta Ogasun sailei datozen udal batzordeetan.