AKTUALITATEA


| 2021-11-30 11:29:00

EH Bilduk 29'4 milioi euroko inbertsio plana aurkeztu du, gasteiztarren beharrei erantzuteko. Udalak aurreko urteetan baino baliabide ekonomiko gehiago ditu, 457 milioi euroko aurrekontu globala baitu, eta horietatik 409 berezko aurrekontua dira. Gainera, Fofelen finantzaketaren bidez, gasteiztar guztien zerga-bilketatik datorrena, udalerriak 25 milioi euroko aparteko injekzioa lortuko du aurten eta hurrengoan. Hala ere, eta baliabide ekonomiko gehiago lortu arren, EH Bilduk uste du EAJk eta PSEk aurkeztutako aurrekontu proiektua «ardatz estrategikoetan motz, oso motz» geratzen dela.

Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez,
«diru kopuru handia da, eta udalerri gisa ditugun ardatz estrategikoetan inbertsioak indartzeko erabili behar dugu. EH Bilduk malgutasuna izango du inbertsioak aurrekontuetan txertatzeko moduan, betiere funts horien xedeari buruzko akordio argi eta nahikoa badago, udal-politiketan norabide-aldaketa ahalbidetuko duena eta 4 arlotan oinarrituko dena: gizarte-babesa eta ongizatea handitzea, gure ekonomia berreskuratzea eta eraldatzea, trantsizio ekologiko eta energetikoaren erronka, eta etorkizuneko Gasteiz eraikitzea, hirigintza eta mugikortasun jasangarri eta osasungarria berritzea, alegia».

Lau arlo handi horiek indartzea proposatu du EH Bilduk, 29 '4 milioi euroko inbertsioak eginez. EH Bilduk udal-gobernuari egiten dion proposamenak 4 milioi euro jasotzen ditu adinekoentzako politiketan, 3 milioi enplegua hobetzeko eta merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko, 2 milioi azpiegituretarako eta kultura-sektorerako, 2 milioi eguzki-energia berriztagarria hedatzeko, ia 4 milioi mugikortasun jasangarri eta osasungarrirako, 6 milioi etxebizitza eta birgaitze politikarako, eta 2 milioi oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzeko, besteak beste.

Aipatutako inbertsioen bidez, gizarte-babesaren arloan, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi bezala,
«Etxez etxeko laguntza-zerbitzua birmoldatzea eta indartzea, San Prudentzio egoitzan hobekuntza-obrak hastea edo Zaramagako eguneko arreta-zentroa, besteak beste, dira EH Bilduren proposamenetako batzuk, gizarte-babesa eta ongizatea handitzera bideratutakoak». Susperraldi eta eraldaketa ekonomikoari dagokionez, merkataritzaren sektorea indartzearen aldeko apustua egiten dugu, beren egoerari aurre egiten, enplegurako laguntzak hobetzen, digitalizatzen edo gure udalerrian fabrikazio aurreratuko laborategi bat abian jartzen lagunduko dieten tresna eta baliabide ekonomiko berriekin.

 

«Ziurrenik aurre egin behar diogun erronka global nagusia larrialdi klimatikoa da, eta trantsizio energetiko handi baten beharra», adierazi du Viterok, eta «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» betebeharra aldarrikatu du. Horregatik, EH Bilduk inbertsioak egitearen aldeko apustua egin du, gure teilatuak energia fotovoltaikoz bete ahal izateko, partikularrei, komunitateei eta energia-komunitateei diru-laguntzak emanez. Etorkizuneko Gasteizen diseinuari dagokionez, ezinbestekoa da udalerriarentzako etxebizitza-politika berreskuratzea. Birgaitzeko laguntzak berreskuratu behar dira, eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea erabili etxebizitza babestua berreskuratzeko eta alokairuan eskaini ahal izateko. Horrekin batera, Bustaldeko blokeak eraberritzeko eta gazteentzako alokairuan eskaini ahal izateko partida zehatzak. Bestalde, beharrezkoa da Iradier Arena eraberritzeko obrei ekitea, benetako erabilera askotakoa izan dadin, eta bizikleta-azpiegitura indartzea udalerrian zehar.