EH Bilduk eraberritzerako 21 Zabalgunetik eskaintzen diren laguntza deialdiak berrikustea eskatuko du ostiral honetako udal osoko bilkuran. Horrela, EH Bilduk laguntza horiek erakargarriak izatea bilatuko du, ahalik eta pertsona gehienek erabil ditzaten. EH Bilduko zinegotzi Unai Fernandez de Betoñok adierazi bezala: «Beharrezkoa da dirulaguntzak arautzen dituen deialdia eguneratzea eta berritzea, erakargarriagoak izan daitezen. Diru-sarreren kalkuluak gaurkotu bahar dira, besteak beste, gutxieneko soldatak azken urteotan izan duen hazkundea islatzeko. Bestalde, zaharberritzea gauzatu nahi duten auzokideei eta komunitateei finantzaketa malgutzeko xedearekin bitarteko berritzaileak eskaintzeko aukera aztertu beharko litzateke, Next funtseko deialdietan egin den gisara. Eta azkenik, auzoaren egoera eta baldintza sozioekonomikoak ikusita, halaber, egokia izan liteke zaharberritze laguntzen deialdia gizarteratzeko eta benetan gauza daitezen komunikazio eta zabaltze ahalegin berezitua egitea Alde Zaharrean».
Zentzu horretan, EH Bilduko zinegotziak Alde Zaharreko deialdi propioari eustea proposatuko du ere ostiraleko udalbatzan. «Bere izaera berezia dela-eta, deialdi propioari eutsi behar zaio. Eta horrez gain, 21 Zabalgunearen baitan landu beharko litzateke zaharberritzerako laguntzen deialdia Alde Zaharrean gizarteratzeko plangintza bat, auzoko mahaiaren eta eragileen elkarlana sustatuz, eta zaharberritze behar handiena duten komunitateen egoerari arreta berezia emanez». Hain zuzen ere, aski ezagunak dira Alde Zaharrak hirigintza ikuspuntu batetik dituen ajeak. Zonaldeak Hirigintza plan berezi bat dauka martxan (BBPB/PERI), uneotan berritzeko fasean sartu dena. Gasteizko etxebizitza eta eraikin zaharrenak bertan pilatzen dira, eta ikusi dugu azken urteotan egoerak nola egin duen okerrera, nabarmen, Santo Domingo kaleko hainbat ataritan ikus daitekeen bezala adibidez.
Izan ere, eta azken urteari birpasoa eginez, 2023. urtean Alde Zaharreko eta Koroatzeko auzoetan zaharberritzea sustatzeko dirusailaren erdia baino gehiago bestelako gastu batzuk estaltzeko erabili du udal gobernuak. Hain zuzen ere, jatorrian 1,55 milioi euroren dirusaila zenetik 850.000 euro beste kontu batzuetara bideratu dira. Erabakiaren legezkotasuna auzitan jarri gabe, jarrera horrek zaharberritzearen arazoari eta ematen zaion erantzunari buruz gogoeta egitera eraman behar gaitu, ezinbestean.