AKTUALITATEA


| 2019-10-04 10:38:00

EH Bildu Udal taldeko bozeramailea Miren Larrionek adostasunez hitzartutako akordio zabalak lortzeko bere borondatea azaldu du. Hori dela eta, 2019-2023 legealdirako Inbertsio Itun bat eskaini dio Larrionek Gasteizko Udalbatzari. Legealdian nahita nahiez aurrera atera beharreko proiektuen zerrenda jasotzen duen Ituna da hau.

«Gasteiz Antzokia, Azkar-Bus edo BEIaren proiektua eta honen kotxetegiak, Amerika Latinako biribilgunerako konponbidea, Printzipal Antzokia berrizteko akordioa, hiri-birgaitza eta birgaitze energetikoko proiektuak, Eraztun Berdean aurrera egitea Lasarteko legar-hobien proiektuarekin eta baita hegoaldeko ibaiekin ere, besteak beste. Hau da, alderdiok adostasuna azaldu dugun proiektu horiekin bide-orri bat eratzea da Itun honen helburua».

EH Bilduko bozeramaileak argi adierazi du ere bere kezka Sustapen Ministerioak eskainitako 'Gasteizen trenbidea integratzeko informazio-azterlanak' jasotzen duenagatik. Izan ere, azterlan horren arabera, Salburua eta Zabalgana auzoak kanpo uzten ditu lurperatze proiektuak. Larrionek gainontzeko alderdiei garaiz daudela oraindik gogorarazi die eta badagoela denbora hausnartu eta bestelako erabakiak hartzeko. Bi auzo, non bestelako arazoak dauden bozeramaileak gogoratu duenez. Izan ere, eta hala salatu du, familia asko eta asko dira oraindik zain daudenak euren seme-alabak Errekabarri eta Aldaialde ikastetxeetan eskolatu dituztelako eta oraindik ere martxan ez daudenean. Larrionek gogoratu du pasaden legealdian Urtaranen gobernuak «zereginen utzikeria» egin zuela eta honetan errepika ez dadin eskatu dio.

Ondo burututako proiektuaren adibidetzat jarri du Miren Larrionek Emakumeen Etxea. Izan ere, eta gobernuaren atzerapenen gainetik, Gasteizek badu jada gasteiztarrok elkarlanean sorturiko beharrezko proiektua.

Koalizio independentistak aldaketa klimatikoa gelditze aldera eta Gasteiz hiri berde eta jasangarri bihurtzeko asmoz, udalbatzaren esku utzi du EH Bilduren berezko proiektuetako bat: Gasteiz Zero Carbon 2040. Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan bide-orri izango den proiektua, karbono isurketetan hiri neutroa izaterako trantsizio ekologikoa ahalbidetuko duena. Miren Larrionek azaldu duenez, «Hamarkada honetan errotik ez badugu aldatzen politika energetikoaren norabidea, planeta eta gure hiria bera ez dira habitagarriak izango. Zientifikoek ohartarazi digute, eta Europa osoko gazteei entzun diegu ere. Orain da aldatzeko momentua. Erronka globala da, baina lokala ere».

Halaber, EH Bildu Gasteizko udal bozeramaileak azpimarratu du Gasteiz hiri zaintzaile eta adeitsuan bihurtzeko beharra, feminismoarekin, jasangarritasunarekin eta politika aurrerakoiekin konprometitutako Gasteiz baten beharra. «Gure politikak aurrerakoiak, transbertsalak, konplexuak eta disziplina anitzekoak dira, baina konplexutasun hoentan bi elemturekin hartzen dugu konpromezua: pertsonekin eta ingurumenarekin. Edota, azken finean, bakar batekin: bizitzarekin» adierazi du Miren Larrionek.