AKTUALITATEA


| 2021-11-12 10:52:00

EH Bilduk IGIko teknikariek txosten bat egitea eskatuko du, 17. sektorearen garapenak natura-ingurunean izango duen eraginari buruz. Txosten horretan urbanizazioaren eragin guztiak sartuko lirateke, Armentiako basoko tunela barne. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotzi eta IGIko sailburuak ziurtatu duenez, «Hegoaldeko inguruneari lotutako trafikoaren hazkundeak izan ditzakeen inpaktuez gain, eremu honetan beste ingurumen inpaktu batzuk ere aurki ditzakegu, Udal honetan erregistratutako 17. sektorea berrantolatzeko proiektu berriak eragindakoak; izan ere, hasierako aurreikuspenetik 294 txalet izatetik 1.682 etxebizitza izatera pasatuko litzateke, espazio honetan 18. eta 30. sektoreko aprobetxamenduak bateratuta».

Hiriaren hegoaldeko hirigintzako tentsioak
aspaldidanik Gasteizek jasaten duen arazoa dira. HAPO berria idazteko Irizpideen eta Helburuen dokumentua onartu ondoren, hirigintza-tentsio horiek loratu egin dira berriro. Izan ere, azken hilabeteetan ezagutzera eman dira San Prudentzio Hegoaldea 17. Sektoreko Konpentsazio Batzordeak hirigintza-sektore horren garapena suspertzeko dituen asmoak. Plan horretan, zatika urbanizatzea proposatzen da, eta irailaren amaierarako lizitatzea Etxebidea Egoitzaren atzealdetik 16. sektorearekin lotzen duen zatia. Horrek “Armentiako basoko tunela”-k izeneko bidea martxan jartzea ekarriko luke, A-3102 errepideko biribilgunearekin lotu arte, Olabide ikastolaren ondoan, eta hiriaren hegoaldeko erronda bihurtuko litzateke de facto.

«Hirigunetik Gasteizko Mendietarako trantsizio-eremu honen ingurumen- eta nekazaritza-balioa guztiz frogatua eta aitortua dago, eta HAPO berriaren aurrerapenarekin bat etorriz, desklasifikatu eta itxi egin beharko litzateke eremu horretako edozein espekulazio asmo», adierazi du Villalbak. Horregatik guztiagatik, eta IGIk Gasteizko ingurune naturalaren defentsan erreferente eta aitzindari gisa izan duen ibilbide historikoarekin jarraituz, EH Bilduk garrantzitsutzat jo du IGIk gai horren inguruan jarrera bat hartzea. Hala, IGIren estatutuetan jasota dagoenez, txostenak egin eta ingurumen-aholkularitzako zerbitzuak eman ahal izango dituenez (3.2.e artikulua), EH Bilduk 17. sektorearen garapenagatiko ingurumen-inpaktuaren txostena egitea eskatuko du.