AKTUALITATEA


| 2022-11-24 11:03:00

EH Bilduk elkarrizketarako borondateari eusten dio, egungo krisi sozioekonomikoaren aurrean pertsonen eta familien egoera arintzen lagunduko duten neurriak hartzeko. Horregatik, bizitzaren kostuaren garestitze orokorraren aurrean, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak proposatu du udal-tresna guztiak erabiltzea gizarte babesa handitzeko eta pertsonen ongizatea bermatzeko: «Udal aurrekontuak tresna ona dira gizarte babesera neurri berriak bideratzeko, bizi dugun egoeraren aurrean. Horregatik, hamabost neurri aurkezten ditugu, 11,5 milioi euroko balioa dutenak, pertsonen egoera hobetzen laguntzeko hainbat arlotan, hala nola energian, babes sozialean eta elikaduran, etxebizitzan eta garraioan».


Energiaren arloan, EH Bilduk uste du laguntza-lerro bat eskaini behar zaiela gas galdara komunitarioa duten bizilagunei. Horregatik, araututako tarifa berria eskuratzeko zailtasunak ikusita, Viterok milioi bat euroko laguntza-lerro bat proposatu du galdara komunitarioak dituzten komunitateetan banakako irakurketak ezarri ahal izateko, neurrigabeko energia-gastuari aurre egiteko. Ildo horretan, gainera, energiaren udal-bulego bat sortzea proposatu du, energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna bultzatzeko, eta energia-faktura ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntza-bonuak eskaintzea proposatu du. Era berean, EH Bilduk energia berriztagarria sortzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, baita merkataritzari eta ostalaritzari laguntzearen aldekoa ere, horien energia-eraginkortasuna hobetzera bideratutako laguntza-lerro baten bidez.

 

Gizarte babesaren eta elikaduraren arloan, Viterok adierazi du bi neurri zehatz proposatzen dituztela kolektibo zaurgarrienetako batzuentzat. «Batetik, adingabeei elikadura egokia eskaintzeko haurren pobreziaren aurkako Talka Plana proposatzen dugu. Izan ere, Gasteizen 1.500 adingabe inguruk ez dute egunean jatekorik ziurtatuta. Bestetik, adineko pertsonei elikadurarako sarbide egokia bermatzeko, Bizan zentroetan bi udal jantoki berri jartzea nahi dugu».


Etxebizitzari dagokionez, EH Bilduk eraikinak birgaitzeko partida 1,5 milioi eurorekin handitzearen alde egin du, eta bereziki azpimarratu du alokairu sozialera bideratzeko udal etxebizitza-parke bat sortzea. Ildo horretan ere, «2 milioi euro etxebizitza babestua berrerosteko erabiltzea planteatzen dugu, eta 25 etxebizitza inguru eskura daitezkeela kalkulatzen baitugu», ziurtatu du Viterok.


Azkenik, garraioaren arloan, EH Bildu pozik agertu da koalizioak berak proposatu dituen neurriak, 12 urtetik beherako pertsona guztientzako garraio publikoaren doakotasuna adibidez, udal aurrekontuaren parte direlako. Hala ere, Viterok adierazi du tarte handia dagoela mugikortasun jasangarria, osasuntsua eta segurua bultzatzera bideratutako politiketan aurrera egiteko. Zentzu horretan, eta orain, gehiengo oso batek tranbia Jundizera iristea babesten duenez, Viterok uste du neurriak ezarri behar direla pertsonen mugikortasuna industriaguneetara hobetzeko, eta milioi bat euroko partida bideratzen du horretara. Era berean, 'Bat Langile' txartelaren garapena eta ezarpena aztertzea proposatu du EH Bilduk, garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzeko sistema baten bidez lan-joan-etorriei hobariak emateko. Eta, gainera, bizikleten renove plan bat planteatzen du.


Azken batean, EH Bilduk 15 neurri zehatz proposatu ditu egungo kostuen garestitzeak gehien kaltetutako sektoreetan, pertsona ahulenen egoera arintzeko helburuarekin, 11,5 milioi euro pasatxoko balioarekin. EH Bilduk neurri sorta hori udal gobernuari helaraziko dio gaur bertan egingo duen lehen bileran.