AKTUALITATEA


| 2022-02-01 11:26:00

Mugikortasun seguruan eta jasangarrian oinarritutako Mugikortasun Ordenantza berri baterantz aurrera egitea eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekinek, akordiorako guneak lehenetsiko dituen ibilbide bat ahalbidetuz. Gasteizek adostasun handiak lortu izan ditu mugikortasunaren arloan eta, horregatik, bi alderdiek akordiorako guneak berreskuratzeko eta Green Capital batek hartu beharko lukeen mugikortasun ereduari erantzungo dion ordenantza batera eramateko apustua egin dute. «Norabide horretan lan egin nahi dugu, eta gobernuari planteatzen diogu lanerako eta parte hartzeko guneak ireki ditzala, bai talde politikoentzat, bai mugikortasun arloan dabiltzan eragileentzat. Gune horiek, ordenantzaren definizioan ez ezik, haren planen indarraldian ere egongo dira aktibo», adierazi du Oskar Fernandez Elkarrekin alderdiko bozeramaileak.

Era berean, Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaileak bi alderdien ekintza politikoaren barruan
«mugikortasun jasangarria eraikitzea eta defendatzea lehentasuna» dela nabarmendu du. Hala ere, mugikortasun-eredu berri batean oinarritutako ordenantza berri baten beharrari buruz Udalean dagoen adostasun orokorra ukaezina den arren, udal gobernuak ez zuen akordiorako aldez aurreko prestutasunik erakutsi eta bere ordenantza proposamena erretiratu behar izan zuen babesik ez izateagatik. Hala eta guztiz ere, EH Bilduk eta Elkarrekinek eztabaidari berriro ekitea beharrezkoa dela uste dute, eta eskua luzatu diote gobernu taldeari mugikortasunari buruzko ordenantza berri bat egiteko, elkarlanetik sortuko dena.

 

Bi erakundeek uste dute ordenantza berriak mugikortasun jarraibideei eta espazio publikoa artikulatzen duten beste plan batzuetako jarraibideei erantzun behar diela, hala nola HAPO edo karbono-neutraltasuna lortzeko isurketak murriztearen alde egiten duten klima ekintzako planak. Izan ere, ordenantza berriaren oinarrietako bat oinezkoentzako espazio publikoa berreskuratzea izan behar du, eta oinezkoak, bizikletak eta MPI eta garraio publikoa, aipatutako ordenan, lehenesten dituen hierarkia modalari eusti behar zaio ibilgailu pribatuaren aurretik. Hori lortzeko, bizikleta-azpiegiturak edo oinezkoei lehentasuna ematera bideratutako azpiegiturak zabaltzeko neurriak gauzatzeko kronograma bat planteatu dute.

Era berean, hiri osoan zirkulazioa lasaitzeko estrategia bat bultzatzearen aldeko apustua egiten dute, 30Hiria adierazpenaren bidez, super-etxadien eredua indartzen duena gainera. Izan ere, ordenantza hau indarrean jartzeak 3 arlotan oinarritutako mugikortasun eredu berri bat sortuko du: segurua, jasangarria eta osasuntsua. Eta zentzu horretan herritarrekin lan egin behar da, hainbat kanpainen bidez, hala nola eskola-bide seguruak sustatuz. Ordenantzak, gainera, motorgabetzeko estrategia bat jaso behar du, mugikortasun irizpiderik gabeko aparkaleku berriak ausaz eraikitzea eragotziko duen aparkaleku plan baten sorrera barne hartuko duena.

Aurreikusitako jarduerak zehaztu eta gauzatzeko denbora beharko den arren, ordenantza indarrean sartu aurretik neurri batzuk arian-arian inplementatu ahal izango dira, eta aldi baterako edo zonako luzamenduak zehazten dituzten xedapen iragankorren formularen bidez aplikatu ahal izango dira.