AKTUALITATEA


| 2020-07-23 10:17:00

COVID-19ari aurre egiteko gobernuak burututako planen artean, ez dago euskarari aipamena egiten dionik. Euskara eragileen artean kezkagarria den egoera honen aurrean, aurretik jada eginda zeuden euskara sustatzeko plangintzak, orain egoera edo errealitate berrira moldatzeko eskatuko du EH Bilduk biharko udalbatzan mozio baten bitartez. Miren Larrion EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “kezka konpartitua da administrazio publikoaren euskararen erabileraren inguruan gertatutakoarekin”.

 

Hori dela eta, EH Bilduk hiru neurri nagusi eramango ditu ostiraleko udalbatzara. Batetik eta Euskara Elkarguneak proposatu bezala, irailean eta ikastetxeekin batera murgiltze jarduerak antolatzea non hizkuntza behikularra euskara izango den. “Argi dago planifikazio osoa eta zehatza behar dela egoerari aurre egiteko, mozio honetan planteatzen diren urratsak, beraz, ikasturtearen hasierarekin lotuta daude, iraileko itzulerari begirakoak baitira. Gure hizkuntza eta honen erabilera eta sustapenaren alde lanean diharduten kolektiboak ezin ditugu atzean utzi”.

Mozio horren baitan ere, hezkuntza eta aisialdi programetan euskararen erabilera sustatuko duen eskaintza berezia aurreikustea eskatuko du EH Bilduk, etxetik kanpoko euskararen erabileran eragiteko. Horrez gain, eta ikasturte berriari begira, euskaltegiekin elkartzea eskatuko dio EH Bilduk udal gobernuari. COVID-19aren arriskuak dirauen bitartean eta, beharrezkoa balitz, osasunerako segurtasun baldintzak bermatzeko, udal instalazioak zabaltzeko proposamena egingo du EH Bilduk, bertan eskola jarduera presentziala burutu ahal izateko.