EH Bilduk Gasteizko jaietako txupinazoa jaurtitzen utziko die Deportivo Alaveseko jokalariei, baita Arabako Garrasia animazio harmailari ere. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak eman die horren berri, eta horren arrazoi eta helburua, berak azaldu bezala: «Arabako jaietako txupinazoa zuri-urdinez margotzea da. Azken urteetako ahaleginak eta lorpenak aitortzeko asmoz, EH Bilduk Alaveseko jokalariak eta zaleak omendu nahi ditu, aurtengo jaietako txupinazoa jaurtitzen utziz. Horrela, egindako lana eta erakutsitako jarrera aitortu nahi dizuegu, lan nekaezinaren adibide izan zaretelako eta gasteiztarrengan piztu duzuen ilusioa azaltzeko nahi beste hitzik ez dagoelako».
Horrela, datorren abuztuaren 4an, txupinazo berezia izango da Andre Maria Zuriaren plazan, hiriko jaiei hasiera emateaz gain, kirolarien zein zaleen lana goraipatuko delako. Rocio Viterok ziurtatu duenez, EH Bildurentzat «pozez eta ilusioz hartzen dugun erantzukizuna da, gure hiriari dakarkionagatik eta gainezka egongo den plaza batean herritar guztiekin gozatzea espero dugulako».
Gainera, EH Bilduk erabaki honen alde zergatik egin duen azaldu du bozeramaileak. Lehenik eta behin, hiriko futbol talde nagusiak, Deportivo Alavesek, ehun urte bete zituen 2021ean, baina ezin izan zen urteurrena behar bezala ospatu, pandemia zela eta. Bigarrenik, Gloriasas taldeak igoera lortu zuten mendeurrenaren urte berean, eta, lehen aldiz, Arabako futbola maila gorenera eraman dute, beti nekaezin borrokatuz. Zentzu horretan, Viterok aipamen berezia egin nahi izan dio Mery Ortiz de Pinedori, garai horretan Arabako kapitain handia izan zenari, eta abuztuaren lauan txupinazoa jaurtitzeko gonbidapena ere helarazi dio.
Hirugarren arrazoia, nola ez, gizonezkoen taldea lehen mailara igotzea da. «Ez zen edozein igoera izan. 46 partida eta penalti bat azken partiduko 129 minutuan. Gol bat eta igoera bat hiri oso bat alaitzeko, eta inoiz baino argiago uzteko Gloriosok ez duela inoiz amore ematen!», adierazi du Viterok, eta txupinazoaren lagapenaren laugarren arrazoia azpimarratu du: «Borrokan aritzeko, dena emateko, espiritu hori erakusten dute igandetik igandera Alaveseko zaleek. Animazio harmaila bat dugu, Arabako Garrasia, beste talde askoren inbidia dena. Kantatzen duena, dibertitzen dena, eta beti hor dagoena, irabazi edo galdu egiten dena. Harro gaude partidu bakoitzean topera animatzen duen puztuta edukitzeaz, eta baita solidarioa eta aldarrikatzailea izaten jakiteaz ere».
Ekitaldian izan dira: Deportivo Alaveseko gizonezkoen taldearen izenean, Victor Laguardia taldeko kapitaina; Gloriosen izenean, Eider Egaña atezaina; eta Arabako Garrasiaren izenean, Leire Ruiz de Apodaca, Raul Corralejo eta Aratz Corralejo.