Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak eta Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak 2025eko udarako Vitoria-Gasteizen ezarriko duten bizikleta elektrikoen alokairu sistema publikoa aurkeztu dute gaur goizean. Proiektua EH Bilduk PSE-EAJ gobernu-taldearekin mugikortasun aktibo eta jasangarria bultzatzeko adostu zuen aurrekontu-akordioari esker eraman da aurrera, eta 450.000 euroko kontu-saila izango du. Kontu-sail horrek ekimena aurrera eramateko aurrekontu-negoziaziotik datorren 300.000 euroko zenbatekoa eta Next-Generation Europako funtsetatik datozen 150.000 euro batzen ditu.
Uneotan, udal-zerbitzu teknikoak baldintza-plegua amaitzen ari dira eta laster aterako da lehiaketara. Kontratuak 5 urteko indarraldia izango du, eta gutxienez 50 bizikleta elektriko erosi (birkargatzeko ainguraketa-moduluekin) eta lau geltokitan banatuko dira: Antso Jakitunaren kalea, Leizaola Lehendakariaren plaza, Iparralde gizarte-etxea eta autobus-geltokia. Hain zuzen ere, kokapen horietan, intermodalitatea bultzatzen da eta, gainera, bidegorri-sarearekin konexio onak dituzte. Izan ere, lau puntu horiek lerro zuzenean 1,2 eta 1,4 kilometro arteko distantziara daude.
Proiektua 50 unitaterekin hasiko bada ere, aldizkako ebaluazioak egingo dira birkarga-puntuen eta ibilgailuen eragina, eskaria eta etorkizunean egin daitezkeen zabalkuntzak aztertzeko.
Enpresa esleipendunak tarifen tipologiak ezarriko ditu eta horiek ezartzeko beharrezkoa den sistema informatiko eta teknologikoa garatuko du (webgune informatiboa, erregistroetarako APPa, ordainketa-sistemak eta abar). Sistema arinduko duen aldaketa berrietako bat, hain zuzen ere, bizikletak erretiratzeko zein entregatzeko app bat erabiltzea izango da. Erabiltzaileek aplikazioan alta eman eta osorik erabili ahal izango dute. Hala, honako hauek egiteko aukera emango die aplikazioak: abonu mota aukeratu, bizikleta elektriko bakoitzaren egoera ezagutu, geltokiak geolokalizatu... Azken batean, erabiltzaileentzako komunikazioa eta erabilera erraztea izango da aplikazioaren helburua.
Beatriz Artolazabal alkateorde eta zinegotziaren ustez, «bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publiko baterako urrats hau, zalantzarik gabe, Gasteizek mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoaren beste erakusgarri bat da. Horren bidez, Europako hiri berde aurreratuenen artean duen lekua sendotu eta hiriko mugikortasun eraginkorrean duen lidergoa indartuko du».
Bestalde, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du EH Bilduk «mugikortasun seguru, jasangarri eta osasungarriaren aldeko» apustua egin duela. «Bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema hau martxan jarrita, beste urrats bat eman dugu Gasteizko bizilagunei eguneroko joan-etorriak egiteko aukera jasangarri bat eskaintzeko, baina baita bisitatzen gaituztenentzat zerbitzu interesgarri bat eskaintzeko ere».
Gainera, mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzeko egindako apustuarekin lotuta, proiektuak populazio-segmentu berrietara iritsi nahi du. Alde batetik, adostutako aurrekontu-akordioaren arabera, proiektu interesgarria izango da Gasteizko bizilagunentzat, bizikletarik ez dutenentzat edo modalitate elektrikoa probatu ez dutenentzat. Izan ere, egunerokoan garraiobide hori erabiltzea erraztuko da eta garraio-modalitate hori distantzia luzeagoak edo lantokietarako joan-etorriak egiteko aproposa dela erakutsiko da. Eta, turismora bideratutako Europako funtsen helburuari erantzunez, alokairu-sistema honek bisitan datozenen esperientzia ere hobetuko du.