Euskararen aurkako azken epaien harira, EH Bilduk instituzioetan euskararen erabilera bermatzen duten toki erakundeen defentsarako adierazpen instituzionala proposatu du Gasteizko Udalean. Ekarpenak jaso ostean, EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekinen babesarekin atera da aurrera adierazpena. Ez du jaso baina, Maider Etxebarriak ordezkatzen duen PSEren babesa ezta PPrena ere.
Hala eta guztiz ere, ez da lehenengo aldia Etxebarria andreak uko egiten diola euskararen defentsan agertzeari. Izan ere, uztailaren 13an, 71 udalerritako alkateak bildu ziren Auzitegi Konstituzionalaren epai baten harira, non bildutakoek salatu zuten ebazpen horrek euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen zituela. Orduan ere, oso agerikoa izan zen Etxebarria andrea agertu ez izana, baina are deigarriagoa izan zen “deialdiaren ezagutzarik” ez zuela arrazoitu zuenean bertan ez agertzeko.
«Azkenaldian atera diren euskararen kontrako epaien harira, euskal udaletatik batasuna eta irmotasuna erakutsi behar dugu gure hizkuntzaren eta toki-erakundeen eskumenen defentsan. Horregatik, ulertezina egiten zaigu Gasteizko udalaren buru denak euskararen eta euskal hiztunen aurkako eraso zuzen hauen aurrean halako pasibotasuna eta utzikeria erakustea. Horrelako jarreren aurrean, EH Bildutik bat egiten du Oldarraldiaren aurrean Euskararekin bat Euskaraz bat ekimenarekin, eta herritarrak animatzen ditugu kanpaina horren baitan egingo diren mobilizazioetan parte-hartzera», adierazi du EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok.
Testuan, talde sinatzaileek berretsi egiten dute EAEko Toki Erakundeen Legearen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Era berean, joan den uztailean Konstituzio Auzitegiarekin epaiarekin gertatu zen bezala, azken asteotan EAEko Justizia Auzitegia Nagusiaren epai berriek toki-autonomiaren aurkakoa direla jasotzen du adierazpenak, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. Horrela, bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak.
Toki-erakundeen funtzionamenduan Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea oztopo dela jasotzen du aurrera atera den adierazpenak. Horrez gain, Gasteizko Udaletik udal eskumenen defentsa egiteko eskatzen du testuak, gure gizarteak euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko adierazi duen nahia errespetatu eta adostasun zabalarekin onartutako legeria erabiltzen jarraituko du euskararen biziberritze prozesuan urratsak emateko orduan.