AKTUALITATEA


| 2020-06-23 11:36:00

Alarma-egoera amaituta, "urgentziazko" laguntza-ekipamenduak itxi egingo dira kasu askotan, hala nola Lakuako frontoia, 60 pertsona hartzen zituena. Urtaran kabineteak ez die beste aukerarik ematen bertan dauden pertsonei, eta horrek kalera irteteak eta gertakari larriak sortzea dakar, erantzun publikorik ez dagoelako. Hori guztia dela eta, EH Bilduk planteamendu integrala egin du, eta udal arreta-zerbitzuen premia larriei erantzun nahi die.

EH Bilduk Aterpe eraikineko bigarren solairua kaleko pertsonak hartzeko erabiltzea eskatu du. Eraikin horretan eraberritzeak egin ziren espazioak berregokitzeko, baina, gaur egun, horietako asko ez dira ia erabiltzen, bigarren solairua kasu. Hori dela eta, EH Bilduk arreta zabaltzea proposatzen du, eta eraikin horretan 30 plaza baino gehiago eskaini ahal izatea.

Era berean, Estrada Eguneko Zentroa berehala irekitzeko eskatu du EH Bilduk. "Zerbitzu publiko hau arrazoirik gabe itxi izana salatzen dugu. Ez da espazioak ixteko unea, birmoldatzeko eta Lakuako pilotalekutik irteten diren 60 pertsonei irtenbidea emateko lan egiteko unea baizik", adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak. Izan ere, Viterok berak adierazi duenez, "Aterpe-ko espazioa erabiltzeko EH Bilduren proposamenaren ondorioz, gaueko ostatua eta Estrada Eguneko Zentroan eguneko arreta emateko plazak ugarituko lirateke".

Hala ere, EH Bilduk argitu nahi du hori ez dela bere udal arreta-eredua bazterketaegoeran dauden pertsonak atenditzeko. "Eskailera eredua zaharkituta dago, ez da eraginkorra eta bazterketa egoerak betikotzen ditu; hala ere, une honetan arduraz jokatu behar dugu eta premiazko neurriak proposatu behar ditugu Urtaran kabineteaegiten ari den harrera zentroen kudeaketa zentzugabea dela eta", adierazi du Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduk pertsonetan eta etxebizitzan oinarritutako eredu baten alde egin izan du eta egingo du beti, 'Etxerik Gabeko Pertsonen Euskal Estrategia 2018-2020' delakoan jasotako ereduaren alde hain zuzen ere. "Eskubideetan oinarritutako eredua da, bazterketa-egoeratik ateratzeko balio duena. Unean uneko laguntza zehatzak, banakakoak, pobrezia-egoera gainditzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko eredua. Urte eta erdi falta zaigu ereduzko trantsizioa egiteko. Europako herrialde batzuetan inplementatuta dago eta funtzionatzen du. Ezin diegu pertsona horiei bigarren mailakoak balira bezala erantzuten jarraitu, gainerakoek baino eskubide gutxiago izango balituzte bezala: pabiloietan giltzapetu, ikusezin bihurtu, infantilizatu eta estigmatizatu. Udalaren aurretiazko arreta-eredua defizitarioa zen, eta ez zen batere egokia", gaineratu du Alberto Porras zinegotziak.

EH Bilduren ustez, Gasteizen arazoa egiturazkoa da, eta gobernuak etxebizitza arloan duen utzikeriaren ondorioa. Horregatik guztiagatik, Udalari eskatzen dio sor dezala etxebizitza sozialen udal-parke bat, alokairu sozialeko etxebizitzen defizita handia baita, eta itxaron-zerrendak kilometrikoak. Era berean, EH Bilduk Etxerik Gabeko Pertsonen Euskal Estrategia (2018-2020) bere gain hartzeko eta ezartzeko eskatu dio udalari, bai eta kalean dauden pertsonen premiei egokitutako askotariko plazak sortzeko ere.

EH Bilduk azaldu duenez, Aterpe eraikineko bigarren solairua erabiltzeko proposamena 2020ko abenduaren 31n amaituko den irtenbide iragankor bat izan behar da, ondoren, pertsonetan eta etxebizitzetan duten autonomian oinarritutako EH Bilduren eredu hori gauzatu ahal izateko.