AKTUALITATEA


| 2020-02-25 13:08:00

EH Bilduk urte erdi baino gehiagoko atzerapena salatu du Aretxabaletako bilketa pneumatikorako zentralaren irekieran, ekainaren amaieran martxan jartzea aurreikusita baitzegoen. EH Bilduk jakin ahal izan duenez, zentralean gertatutako uholde baten ondorioz ezin izan da ireki.

Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak Klimaren Aldeko Ekintza Batzordean galdetu du ea hori izan den arrazoi bakarra edo gehiago izan diren: "Zenbat uholde izan dira? Hori izan al da atzerapenaren arrazoi bakarra? Baina, batez ere, 8 hilabete igarota, noiz ikusiko dugu zabalik Aretxabaletako zentral hori?".

Envac Iberia S.A. enpresa izan zen zerbitzuaren adjudikazioduna, eta 3.445.147 euroko kopuruagatik zentralari emango zion zerbitzua, baita Alde Zaharrari, Ibaiondori, Salburuari, Zabalganari eta Mariturriri ere.

Era berean, Villalbak salatu duenez, "Aretxabaletako zentral hau inauguratu aurretik urak hartu du, eta orain jakin behar dugu zein izan den txikizioaren tamaina, zentrala nola geratu den orain eta aseguruak kostua bere gain hartuko duen ala ez".