Urriaren 19an, larunbatean, Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan ‘Gasteiz Euskararen Hiria’ ekimena egingo dute 12 orduz jarraian, 10:00etatik 22:00etara bitarte. Jardunaldia jai-giroan egingo da eta haurrei, gazteei, helduei eta familiei zuzendutako 13 jarduera izango ditu. Helburu nagusia da euskarari eta egunero euskararen normalizazioaren alde lan egiten dutenei balioa ematea. Horregatik, ekintzak euskaraz hitz egiten dutenei, euskara ikasten ari direnei edo, besterik gabe, euskaraz giro euskaltzalean eta jai-giroan gozatu nahi dutenei zuzenduko zaizkie.
Gaur goizean eman dituzte ekimenari buruzko xehetasunak prentsaurreko bidez. Bertan izan dira Maria Nanclares Euskara zinegotzia; Maider Uriarte EH Bilduko zinegotzia eta Uxue Alonso GEU elkarteko koordinatzailea.
“Aurkeztu dugun jarduera honen bidez, euskara ulertzen duten, baina solturaz hizkuntza horretan komunikatzeko gai ez direnek euskara menderatzen duten pertsonekin espazioa eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte. Hain zuzen ere, Gasteizen euskara menderatzen dutenen ehunekoa ia % 30ekoa da; hau da, duela 10 urte baino ia % 7,5 gehiagokoa”, azaldu du Euskara zinegotziak, Maria Nanclaresek. Horrekin lotuta, gainera, honako hau adierazi du: “programazioa publiko guztiei zuzenduta dago eta era guztietako jarduerak izango ditu: lantegiak, antzerkia, jolasak, kirol-ekintzak eta kontzertuak euskaraz”.
Bestalde, EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek azaldu duenez, “azken finean, euskara ahalik eta eremu gehienetan eta anitzenetan sustatu nahi dugu. Gasteiz “Euskararen Hiria” bihurtu nahi dugu, gure hizkuntza eremu akademikotik harago kalera ateraz eta denona eginez. Ospatzeko eguna izango da, euskara ospatzekoa, eta egunez egun hizkuntza honen erabilera sustatzen, indartzen eta hauspotzen dutenei eskerrak emateko eguna. Era berean, euskara Gasteizko erdigunera eraman nahi dugu modu metaforiko zein praktikoan eta, horretarako, urriaren 19an programazio anitza eta aberatsa izango dugu”.