AKTUALITATEA


| 2024-07-24 10:18:00

Xabier Ruiz de Larramendi: «Alde Zaharrari benetako neurri egokiak dituen plan bat eman beharrean, Ensanche 21ean buruzagitza-postu berri bat sortzeari lehentasuna ematea errefusatzen dugu»

Gasteiz. 2024-07-24 | 21 Zabalgunea udal-enpresako EH Bilduko ordezkariek Hirigune Historikoa Birgaitzeko Departamentuko buruaren lanpostu berri bat sortzeari uko egin diote gaur egindako administrazio-kontseiluan. Postu hori PSE, EAJ eta PPren botoekin onartu da.

Alde Zaharrean birgaitze-politikek eta etxebizitza-politikek lehentasuna izan dute beti EH Bildurentzat. Izan ere, horren adibide da joan den martxoaren 15eko osoko bilkuran EH Bil-duren ekimenez onartutako mozioa. Bertan, 21 Zabalguneari eskatu zitzaion bere birgaitze politikak indartzeko eta eguneratzeko, Hirigune Historikoko mahaiarekin elkarlanean.

Hala ere, EH Bilduk salatu du zuzendari berri bat izendatzea lehenetsi dela, Alde Zaharrerako neurri eta egutegi zehatzak dituen plan bat adostu beharrean.

Gainera, pertsona hori hautatzeko prozedura lehendakariak bere konfiantzazko langileen artean izendatuta egingo da, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta gardentasun-printzipioetara egokitu gabe.

Izendapen berri horrekin, 21 Zabalguneko lau langile finkotik bat zuzendaritza-postuetan egongo da aurrerantzean. 2023tik 2024ra bitartean bere ordainsaria % 30 baino gehiago handitu zen kategoria horretan, urtean 75.000 €-ra iritsi arte.

Lanpostu berri hori sortuta, are gehiago handituko da buruzagi-postuen kopurua, teknikarien eta administrarien postuen kaltetan, sozietate publikoaren barruan. Horrela, plantilla erabat desorekatuta geratuko da. Deigarria da hori; izan ere, lanpostu teknikoek eta administratiboek kudeatzen dituzte enpresak jasotzen duen espediente-kopuru handia.