1. Morkaiko gailurrean den idulki eta gurutze banaz osatuta dagoen monumentua, diktadura frankistak estatu-kolpea eman zutenekin altxatu zen borboi familiako printzeari gorazarre egiteko eraiki zen. Hori dela eta, Memoria Demokratikoko Legearen arabera ilegala da eta ondorioz, eraitsi beharreko monumentuen zerrendan egon da eta dago.
2. EH Bilduk, 2014tik eta hiru legegintzalditan eskatu du lege hori betetzea eta monumentua kentzea.
3. Udaleko EAJ-PSE koalizioak dio «elgoibartarrentzat Morkaikoko gurutzeak duen balio historiko eta sinbolikoa azpimarratu» behar dela. Baina esaldiari balioespena falta zaio, eta hori statu quo zuritzea da. Axularrek garbi esan zuen duela 400 urte euskara garbian: gero dioenak bego dio. EH Bilduk ez du ordea balorazioa saihestuko eta Morkaikoko monumentuaz dugun iritzia negatiboa da. Hango gurutzeak estatu-kolpea eman eta Euskal Herriaren aurka abertzaleak eta langileak erahilez jardun zutenak ekartzen dizkigu gogora, sufrimendua eraginez. Gure herriaren aurka altxatutakoek nahi zuten bezalaxe.
4. Beraz, ezin diogu baietzik eman azaldu dugun errealitate horri irmoki erantzuten ez dioten adierazpenei, ezta "gerra zibila" besterik gabe aipatzen duten adierazpenei, legitimitaterik gabeko altxamendu faszista aipamenarekin batera salatu gabe. Eta ezta ere aditzera ematen denean monumentuarekiko elgoibartar guztien iritzia eta sentimendua bat dela eta mantentzearen aldekoa dela.
5. Azkenik, gure elkartasuna askatasunaren alde eta diktaduraren aurka borrokatu zuten abertzale eta langileen memoria bizirik mantentzen ahalegintzen diren guztiei.