AKTUALITATEA


| 2026-03-09 15:16:00

Hilabete honetan, parte-hartzearekin eta herritarren egunerokotasunarekin lotura zuzena duten gaiei erreparatu diegu:

- Auzoz-auzo: Dinamika honek herritarren beharrak zuzenean ezagutzeko eta EH Bilduren proposamenen berri emateko aukera ematen digu. Gure azken esperientzia Santa Ana kalean izan da. Jasotako eskaerak batzordeetan planteatuko dira eta erantzunak bizilagunei jakinaraziko zaizkie.

- Xixiliongo aparkalekua: Duela urtebete baino gehiago, gobernu-taldeak Xixiliongo aparkalekua TAO gune bihurtzeko erabakia hartu zuenean, EH Bilduk aurka bozkatu zuen, herritarren iritzia alde batera utzi eta alternatibarik planteatu gabe egin zelako. Hala ere, herritarren kexek gobernu taldeak aurrez hartutako erabakia zuzentzea lortu dute, EH Bilduk bere garaian hartutako jarrera berretsiz.

- Diru laguntzen plan estrategikoa: Azken osoko bilkuran Udalak eskainiko dituen dirulaguntzen plan estrategikoa (2026-2028) onartzea planteatu zen. Gai estrategikoa den arren, plan honetan, egungo beharretara egokitzeko azterketa sakon baten falta, eta atal desberdinen arteko desorekak nabarmentzen dira. EH Bilduren kontrako botoei gobernu taldeko PSE-PSOEko kide baten abstentzioa gehitu zitzaien.

- Martxoaren 8ko adierazpenak: Bi manifestu aurkeztu ziren. Gobernu taldeak gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko adierazpen orokor bat proposatzen zuen. EH Bilduk aurkeztutakoak politika zehatzetan sakontzeko konpromisoak bilatzen zituen, egun dauden desberdintasun maila ezberdinak kontuan hartuta. EH Bilduk bien alde bozkatu zuen arren, gobernu taldeak berea aurrera atera zuen, EH Bilduk aurkeztutakoaren aurka bozkatuz, edukiak baloratu ere egin gabe.