AKTUALITATEA


| 2026-02-13 07:39:00

Elgoibarko 5.100 etxebizitzetako 3.200tan, informatiboa izan nahi baina kezka sortzailea izan den gutuna jaso dute Mankomunitatetik.

Gutunaren helburua, bizilagunak birziklatzearekin duten konpromisua handitzea zen. Izan ere, Europak % 55eko tasa 2025ean eta % 60koa 2030ean lortzea eskatzen baitu eta Debabarrena % 53an dago (Elgoibar % 52 inguruan). Alderaketa esanguratsua egiteko, Debagoienak % 70eko tasa lortu du 2025ean. Europako eskakizunetara ez iristeagatik, isun-gehigarriak ordaintzen ari gara Elgoibarren.

EH Bildu bat dator Mankomunitatearen helburuarekin baina gutun kezkagarriak baino, uste dugu bi norabidetan hobetu behar dutela bere zerbitzua Mankomunitateak eta baita Elgoibarko Udalak ere, bestela hondakinen bereizketan inplikazio handiagoa sustatu beharrean, desafekzioa eragiteko arriskua dagoelako.

Lehen norabidea, edukiontzien sistemak mantenu hobea edukitzea da, sarriegi gertatzen baita txartel irakurleek arazoak sortzen dituztela. Beraz, Mankomunitatean automatikoki jasotzen diren kontrol-datuak ez dira beti zuzenak izaten. Eta sistemak ez ditu bereizten ere hainbat kasu berezi, hala nola bidaia luzeengatik edo beste absentziengatik hutsik dauden etxeak etabar.

Horren ondorioz ez dira gutxi izan gutuna jaso izana injustutzat jo duten elgoibartarrak.

Nola zuzendu arazoa? Hemen EH Bilduk proposatzen duen bigarren norabidea: zabor bilketaren inguruan Mankomunitateak eta Udalak herritarrei bideratzen dizkieten komunikazioak hezigarriak izatea gehiago mehatxagarriak baino. Adibidez, ordaintzen den zabor-tasa aldatzen denean, are gehiago errekarguak daudenean, herritarrei ulertzen lagundu behar zaie azalpen egokiak eta garaiz emanez. Noski, gutunetara mugatu barik, ekintza gehiago eginez ere bai.

Labur bilduta: sistema teknikoen kontrol zehatzagoa eta herritarrekiko harreman hezle, hurbila eta denboran iraunkorra.. Birziklatze egokia egiten dutenei aitortza eginez zein begirunez tratatuz.

EH Bildun prest gaude 2030ean % 60ko birziklatze-tasa lortzeko egin behar den guztian laguntzeko. Bai herritarrei baita Debabarrenako instituzioei.