| 2023-11-21 06:50:00
EH Bilduk eragin esanguratsua izan du
Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen ostegunean Debabarrena eskualdea biziberritzeko ponentziaren azken txostena.
Bertan, sei hilabete ematen dira plan estrategiko bat aurkezteko. Hori osatuko duten proiektuak finantzatzeko, gutxienez 24 milioiko inbertsioa onartu da.
Erabaki horretara iristeko, eskualdeko hamarnaka era¬gile igaro dira beren iritziak ematen ponentziak iraun duen azken urte t'erdian. Hortik erauziko dira plan estrategikoa osatuko duten proiektuak eta onartu den txostenean aurreikusten denez, industria aurreratuaren, mugikortasunaren, azpiegituren birgaitzearen eta akuikulturaren ingurukoak izango dira, besteak beste.
EH Bilduren eragina garrantzitsua izan da prozesu osoan zehar. Entzute fasearen garaian, gure koalizioak hainbat proiektu mahaigaineratu du:
• Industria indartzeko zerbitzu teknologiko aurreratuak bultzatzeko.
• Mugikortasuna hobetzeko. Zentzu honetan Deba-Ermua tren zerbitzuaren maiztasunak handitu eta urte osora hedatzea, hiriburuetarako autobus zerbitzuak hobetu, Maltzagan geltoki intermodal bat eraikitzea eta bidegorri sarea osatzea planteatu dugu.
• Mutrikuko udalaren izenean, akuikultura instalazio bat ezartzeko bertan, Mutrikuko arrantza-eskolak erabiltzeko eta arlo horretako ikerketa garatzeko.
• Narriatuta dauden auzogune eta azpiegiturak eraberritzeko, birgaitze lanak egitea.
• Zaintza zerbitzuak, herriz-herri planifikatu baino, eskualde mailan kudeatzea hobe delakoan, Debabarrenarako plan estrategiko bat garatzeko.
• Laneratzea errazteko, lan orientazio eta aktibaziorako arreta gune finkoak sortzea herri guztietan.
• Nekazaritza eta basogintza suspertzeko, baserrien antolaketa komunak bultzatu, basoa, ortua eta larreak eraginkorrago kudeatzeko. Hasteko, borondate hori duten baserrien artean esperientzia pilotu bat garatzeko proposamena luzatu dugu.
Legebiltzarrean onartu den azken txostenean ere eragin garrantzitsua izan dugu, izan ere, batzordean aurkeztu zen lehen zirriborroan, eskualderako plan estrategiko bat egitea baino ez zen proposatzen eta EH Bilduk egindako zuzenketa proposamenen bidez lortu baita sei hilabeteko epea zehaztea eta gutxienez 24 edo 26 milioi euroz behintzat finantzatzea.
Azkenik, proposatu ditugun proiektuetako batzuk aipamena izan dute onetsitako idazkian.