AKTUALITATEA


| 2024-06-21 06:04:00

Maiatzaren 14an Sallobenteko bizilagunekin izandako bileraren ondoren, beste auzo batzuetan egiten dugun bezala, jasotako proposamenak udalera bideratu asmoz, bilera bat eskatu genion Hirigintzako arduradunari. Honek gaia ekaineko Lurralde Batzordean aurkezteko eskaria egin ondoren, galderak Lurralde Batzorderako erregistratu genituen.

Hauek dira bilerara joan ziren bizilagunek helarazi zizkiguten eskaerak:

- Herri-ura: Auzoa hornitzea lehentasunezkoa da, noizko aurreikusten da obrak hastea?

- Oinezkoak errepidean: Oinezkoak errepidearen bi aldeetatik ibiltzen dira. Segurtasuna bermatzeko bide markaren bat margotu daiteke errekaren aldean eta ispiluak ipini errepideko bihurgune eta bidegurutzeetan?

- Bide bazterren garbiketa: Debemenek baserri bideetan bide-bazterreko belarren mozketa noiz egingo duen ez da aurrez jakiten eta urtean behin garbitzea askotan nahikoa ez denez modu partikularrean egiten diren garbiketa osagarriak egiteko datak ezagutzea funtsezkoa da, posible da egutegi bat egin eta baserritarrei uda hasieran beraien zonaldea noiz garbituko den jakinaraztea? Bestetik aldundiak errepide nagusiko bide-bazterrak urtean bitar garbitzen ditu, hala ere garai batzuetan belar luzea egoten da eta honek oinezkoen joan-etorria errepidearen erdialdera bultzatzen du segurtasuna kaltetuz. Posible da sarriago garbitzea?

- Aisialdi eremu estalia: Auzoak aisialdirako eremu estali baten beharra du, ikusten da aukerarik?

- Auzorako proiektua: Plano orokor batetan ze proiektu aurreikusten da Sallobente auzorako? (frontoia, taberna, gune estalia, bidegorria...).

- Hondakinak: Ontzi arinen edukiontziak hondakinak sartzeko zulo txikia du eta ez du erabilera errazten, posible da zulo handiagoa jartzea? Falta diren gaikako edukiontziak jarri daitezke?

- Aurrekontu berezitua: Landa-auzo bakoitzerako aurrekontu berezitu bat ezartzea, auzotarren parte-hartzearen bitartez nola inbertitu erabakitzeko. Planteamendu egokia litzateke, ikusten da honelako zerbait egiteko aukerarik?

- Auzo taxia: Noiz jarriko da martxan auzo taxi zerbitzua eta zeintzuk izango dira zerbitzu hau erabiltzeko baldintza zehatzak?

Aldiz, ekainak 18ko Lurralde Batzordean EAJ-PSE Gobernu Taldeak uko egin zion Sallobenteko auzotarren eskariak erantzuteari, aztertu beharreko gaiarekin eta ordura arte bileraren garapenarekin bat ez zetorren tonua erabiliz.

Zinegotzi gisa egiten dugun lanen artean, herritarren beharrak Udalari helaraztea da, ahal den neurrian hauek irtenbide edo erantzun egoki bat izan dezaten. Ez dugu ulertzen Gobernu taldeak auzotar hauen eskariei ez erantzutea eta EH Bilduko zinegotzien udal lana oztopatu nahi izatea.

Eskaeren garrantzia eta kaltetuen bizi-kalitatearen hobekuntzan hauek duten eragina kontuan hartuta, EH Bilduk bigarren saiakera bat burutuko du, arazo hauei irtenbide bat bilatzeak bizilagun askoren egunerokoan hobekuntza bat suposatuko duelako.