Eibar

EH Bilduk Herriaren Antolamendu Plan Nagusiaren etetea teknikoki aztertzea eskatu du

Eibarren indarrean dugun Plan Nagusia higiezin-boomaren garaian idatzi zen. Aspaldi zaharkituta dagoela, ez dagoela Eibarko egungo egoera sozioekonomikoarekin lerratuta. EH Bildu ere aspaldi dabil Plan Nagusi berria idazteko eskatzen, baina PSOEren udal Gobernua oso astiro dabil gaiarekin.

| 2020-02-27 09:21:00

Gutxienez 2016 urtetik gabiltza Plan Nagusia berritzeko eskatzen. Hainbat eratara egin dugu; bilera pribatuetan, publikoki komunikabideetan, Plenoan edo eta aurrekontu negoziazioetan ere gaia plazaratu izan dugu. Baina ez dago modurik PSOEk gaiari hartzeko. Beraz, EH Bilduk Hirigintza Plan Nagusia berritzen ez den bitartean, eraikitzeko asmotan dauden etxebizitza promozio berri guztien kontra bozkatuko du. Ez dugu beste biderik aurkitzen, PSOEk gai hau behar duen seriotasunez hartzeko.

Asteleheneko Plenoan ere horrela adierazi genien. 1200 etxebizitza huts inguru dugun hiri honetan, horiekin lanketa bat hazi ezean eta Plan Nagusia berritu arte, ez ditugu etxebizitza berri gehiago onartuko. 2020 urtean bakarrik, Udalak, 500 etxebizitza berriren eraikuntza hasteko aurreikuspena du. Baina ze astakeria mota da hau? EH Bilduk ez dio inondik inora honi babesik emango. Gainera, PSOEk Planaren berritzea atzeratzearen arrazoia justu hau dela esango genuke, promozio berri guzti hauen gruak lanean ikusi arte.

Hiriaren antolamendua, hiriaren birgaitzea, hiri eredua ezin dugu utzi esku pribatuetan. Eta hori da indarrean dugun Plan Nagusiak ahalbideratzen duena. Publikotik asko dugu esateko. Ordua da eraikin berriak albo batera utzi eta aisialdirako guneak, peatonalizazioak, aparkalekuak, eraikinen mantenu eta birgaitzea eta abar luze bat lehenesteko. Plan Nagusia bueltatuko ez diren garaietan dago idatzita eta premiazkoa da berritzea.

Plan Nagusiaren etetea teknikoki aztertzea

EH Bilduk bere aldetik, Plan Nagusia eteteko modurik dagoen aztertu du. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak bere 85.artikuluan, aukera batzuk aztertzen ditu. Hain zuzen ere, eteteko aukerak daude Plan Nagusi berriaren aurrerapena onartzen denean. Aste honetan bertan erabakiko da aurrerapen horretaz arduratuko den enpresa, beraz, etete posible batetik gertu egon ahalko ginateke.

Plenoan bertan, legedia hau teknikoki aztertzea eskatu genuen. PSOEko bozeramaileari ez zitzaion gustatu gure proposamena eta haserre, etete honek izan ditzakeen kostu ekonomikoak mahai gaineratu zituen.

Gorka Errastiren hitzetan: “Bitxia da eskatu dugun legedia teknikoki aztertu gabe, Iraolak izan dezakeen kostu ekonomikoaren irakurketa politikoa egitea. Aztertu dezatela profesionalek. Bitxia ere, beraien burua sozialistatzak dutenak, behin eta berriz kostu ekonomikoaz aritzea eta inoiz, Plan Nagusi zaharkituak indarrean izateak behin eta berriz plazaratzen dituen kostu sozialetaz. Alderdi guztion diagnostikoa berdina da Hirigintza Batzordean. Plan Nagusiak zailtasunak jartzen dizkigula aurrera eraman nahi ditugun hainbat politiketarako, lehen sektorearen errelebo generazionala bermatzea, kasu. Edo akaso PSOEk ontzat ematen al du Barrenaren birgaitzerako Gabilondo tailerrean 2500 metro karratuko bazar txinatar bati ateak irekitzea?”.

Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren inguruan herritarrei informazio osoagoa eskaintzea eskatu dio EH Bilduk udal Gobernuari

Eskaera bat zuzendu diogu Alkate eta PSOEren Udal Gobernuari. Azken helburua, eibartarrek izan ditzazketen zalantza eta informazio beharra asetzea da. Hondamendi honen aurrean, herritarrek informazio gardena merezi dute.

| 2020-02-19 11:05:00

Bost puntutako eskaera bideratu diegu:

  1. Eusko Jaurlaritzari egiten ari diren aire, ur eta bestelako neurketen emaitzak eskatzea eta neurketa hauen emaitzak Eibarko biztanleei azaltzea: Gure neurketa propioek webgunean atal bat duten bezela, Jaurlaritzakoek ere une oro azaltzea eskatu dugu. Gardentasuna.

 

  1. Eibarko udal ordezkari guztien oniritzia izango duen kanpo ingurumen aholkularitza eta ikuskaritza  bat kontratatzea  azterketak egiteko: Alderdi politikoetatik harago, teknikari aditu multidisziplanarrak beharrezkoak dira herritarrak informatu eta lasaitu ahal izateko.

 

  1. URA Agentziari, Ego-gain eta Deba erreketako uraren kalitatean neurketak egiteko eta neurketa horien emaitzak une oro herritarrei jakinarazteko eskatzea: Jakin badakigu neurketak egiten ari direla. Datu hauek ere webgunean eta herritarren esku egon beharko lukete une oro.

 

  1. Zabortegiaren hondamendiaren arrazoiak ikertzeko Eibarko Udala Durangoko epaitegian irekitako auzian pertsonatzea eskatzen dugu: Hondamendia gertatu ahala Durangoko Epaitegiak aurretiazko eginbideei hasiera eman zien. Gertatutakoaren egi guztia jakin nahi dugunez, Eibarko Udala auzi horretan pertsonatzea ezinbestekoa da.

 

  1. Eusko Jaurlaritzari herritarren eskura "Leihatila bakarra" jartzeko eskatzea, gertatzen ari denari buruzko informazioa denbora errealean lortu ahal izateko, baita babes zibilari zalantzak argitu ahal izateko ere. Herritarrei auto-babesari buruzko informazioa ematea: Ermuko esperientzia ikusita, gaur Coliseoan eskainiko den informazio bilera irekia ez da nahikoa, herritarrek une oro behar dute informazio zuzena krisialdi honetan, horretarako Jaurlaritzak premiazko informazio leihatila bakarra martxan jartzea eskatu dugu. Informazio iturri guztiak izango dira baliagarriak (webgunea, bandoak, oharrak pegoretan edo auzoetako paneletan), ahalik eta herritar gehiengana heldu ahal izateko.

ALBISTEAK

Debegesa egoera berrira egokitzeko ordua dela uste du EH Bilduk

2020-05-19 11:30:00

Osasun krisialdia dela eta aurrekontuan doikuntza ausartak egin beharko ditu Eibarko Udalak. Baita lehentasun berriak markatu ere. Gutxienez berdina egitea eskatzen diogu eskualdeko Garapen Agentziari. Kudeaketa plana berraztertu eta lehentasunezko ekintzak burutzea.

Peatonalizazioan sakontzea eskatu du EH Bilduk

2020-05-08 11:02:00

Covid-19 osasun krisi larriak biztanleriaren mugikortasun ohiturak aldatu ditu. Herritarrek ibiltzeko toki zabalagoak behar ditugu segurtasun tarteak bete ahal izateko. Deseskalada fase honetan gainera, ohikoa da eibartarrak karreterak hartu eta ibilgailuei tokia hartzen ikustea. EH Bildurentzat ordua da hiriaren egituraz hausnartzeko eta peatonalizazioan gehiago sakontzeko.

Komertzio txiki eta ostalaritzarentzat premiazko talka planak behar direla uste du EH Bilduk

2020-05-04 17:05:00

EH Bilduk eskatutako mahai sektorialetan ere premiazko Talka Plan hauen beharra agerian geratzen ari da. Osasun krisiaren ondorioz, 300 komertzio txikik eta 155 taberna eta jatetxek itxi behar izan dituzte beraien ateak Eibarren.

Krisi Mahaia sortzea proposatu du EH Bilduk

2020-04-21 10:33:00

Krisi mahai sektoriala eratzea premiazkoa dela uste du EH Bilduk. Osasun krisi larrialdi honek erantzun eta neurri bateratuak behar ditu. Proposatzen dugun krisi mahaiak alderdi, eragile ekonomiko, sozial eta sindikalek osatuko lukete.