AKTUALITATEA


| 2024-05-30 08:11:00

Ekaineko plenoan Eibarko eskola kirolaren egoera salatzeko mozioa aurkeztu dugu. 

Eibarko Eskola Kirolaren egoera kezkagarria da, udalak ez du bere gain hartu dagokion ardura eta hurrengo ikasturteko eskola kirola kili-kolo dago. Udalak ez dio ERAIN elkarteari -familien elkartea- dagokion diru sarrera egin, alegia, daukan hitzarmena ez du bete. Horretaz gain, Foru Aldundiko Irizpideak aintzat hartuz, Eibarko eskola kirola eredutik urrun geratzen ari da, “Eskola Kirolaren diagnostikoa eta egituraketa proposamena” txosteneko datuak ikustea besterik ez dago eta honi “Eibarko segregazio-egoerari aurre egiteko prozesuaren” emaitzen txosteneko datuak gehitzen baldin badizkiogu Eibarko hezkuntzaren eta eskola kirolaren egoera arduragarria da.

Foru Aldundiko Irizpideek haurra erdigunean jartzen dute eta irizpideak bete egin behar dira.

Beraz, hori guztia kontutan hartuta, Eibarko EH Bilduk Eibarko udalari eskatzen dio:

- Udalak herriko adingabeen premiei eta herri kohesioari erantzuteko aukerak bermatu ditzala.

- Udalak Eibarko Eskola Kirolaren koordinazioaren ardura bete dezala, eta ERAIN elkartearekin duen hitzarmena bete dezala, Eibarren eskola kirol jarduerak Gipuzkoako Aldundiko irizpideak bermatuz garatzeko.

- Udalak ERAIN elkartearekin elkarlanean, plan integral bat definitu dezala hiru hileko epean, eskola kirola eta hezkuntza ez formala tresna gisa erabiliaz, aisialdi eskaintza eta eredua berregituratzeko.