Betiko ideiek betiko emaitzak dakartzate. EH Bildun argi geneukan gainera, Errebal eraikin berriak hainbeste diru publiko xahutu eta gero, zerbitzu zaharrak birkokatzeko ezin zela izan. Merkatu plaza eta zonalde soziokulturala berritzaileak izan behar dira, bereizgarriak. Horretarako ezinbestekoa da eraikina bereizgarri eta traktore bilakatuko duen dinamizatzaile profesional bat kontratatzea. Berandu bada ere, EH Bilduk hainbestetan errepikatu eta gero, PSEk aurrekontuan islatu du figura hau kontratatzea.
Aspaldi egon beharko litzateke aukeratuta eta lanean, Eibarko elkarte soziokulturalekin hartu emanean, beraiekin beharrak aztertzen, gela polibalenteen erabilera plangintza prestatzen eta egitarau zirriborroak hausnartzen. Gezurra badirudi ere, horrenbeste urte eta diru eta gero, obra bukatzear dago eta oraindik ez da hasi profesionalik horretan. Berandu dabil PSE. Pertsonal sailak lehentasunez hartu beharko luke hautaketa hau, Errebal berriko dinamizatzaile soziokulturala ahalik eta azkarren lanean has dadin.
Rialtoko baserritarrak Errebalera
Badirudi gero eta ziurragoa dela Rialtoko baserritarrak Errebal berrira joango direla. EH Bilduren marra gorrietako bat hori izan da uneoro. Rialton hainbeste urteetan “behin behineko” merkatu plazan egon diren baserritar guztiek tokia izan behar zutela Errebal berrian.
Txosten tekniko zorrotzetan ezkutatu da orain arte PSE, baina badirudi azken txosten juridikoa leundu dela eta aukera juridiko berriak ireki direla Rialtoko baserritarrentzat.
EH Bildu, aipatutako marra gorriaz gain, Udalak jarri dizkien baldintzak bete ezin dituzten baserritarrentzat irtenbideak proposatzen aritu da hilabete hauetan. Baserritar gazte edo eta berriek baldintza horiek bete beharko dituzte baina nagusienei moratoria bat aplikatzea eskatu dugu behin eta berriz. Hori da formula egokiena eta badirudi, antzeko bide bat jarraituko duela udal gobernuak.
Prezio merkeenak, ondorio larriak ditu langileen lan baldintzetan. Horrela ikusi dugu azken urteetan hamaika azpikontratatutako zerbitzuetan. Eraikin publikoetako garbitzaileek arazoak izan dituzte enpresarekin eta lan baldintzekin. Etxez etxeko laguntzako langileek ere beraien lan baldintzak salatu behar izan zituzten bizi zuten egoera prekarioaz ohartarazteko.
Orain, gizarte hezitzaileen eta alor psikosozialeko esku-hartze programan lan egiten duten langileen txanda heldu da. Hemen ere, prezio baxuena lehenesteak, zerbitzuaren kontratua makro enpresa batek irabaztea ekarri du. Hainbat urteetan gertuko enpresa eta txikiagoek zerbitzua kudeatu eta gero, Villar Mir dirudunaren makro enpresa batek irabazi du kontratua.
Azkar etorri dira lehen ondorioak. 9 urteetako lan bikaina egin eta gero, kale hezitzaileek, duten erantzukizun pertsonala eta soziala dela eta, ez dute nahi izan balio sozialik gabeko makro enpresa batetan subrogatuta lanean hastea. Adore handiko erabakia izan da. Orain, kale hezitzaileen zerbitzuak beste bi profesional berri topatu beharko ditu, ziurrenik lan baldintza okerragoan. Familia gizarte hezitzaileak ordea, hasi dira enpresa berriarekin lanean eta hasi dira lehen ondorioak pairatzen. Eskuhartzea prestatzeko orduen gutxitzea, adibidez.
EH Bildu haserre dago gai honekin. Eskandalagarria da programa honek duen balioa horrela gutxiestea. Eibarko pertsona eta familia zaurgarrienekin egiten dute lan eta askotan, lan hori ondo egiteak, familiak eta batez ere, haurrak, Aldundiaren babes programan ez sartzea ekiditen du.
Eibarren, abiadura handiz ezberdintasun sozialak areagotzen doaz, Gizarte Zerbitzuek egiten duten lana, balioan jarri behar da, indartu. PSEk ordea, kontrako bidea hartu du, merketu, gutxietsi eta azpikontratatutako langileriaren lan baldintzak prekarizatu. Profesional hauek nola zainduko dituzte modu egokian eibartar zaurgarrienak lehenengo udalak beraiek ez baditu zaintzen?
Laguntza garrantzitsuak bideratuko ditu Europar Batasunak pandemiak eragindako ondorioei aurre egiten laguntzeko. Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu egingo dituen eskaerak, modu unilateralean gainera, gainontzeko alderdiokin kontrasterik egin gabe. EH Bilduk ez du Udalean gauza bera gertatzerik nahi, are gehiago Eibar bezalako udal batetan, non PSEk gutxiengoan gobernatzen duen eta non egoera sozioekonomikoak eta urbanistikoak alderdi guztion talde-lana eskatzen duen.
Epe luzerako laguntzak izango dira eta epe luzerako politikek ezberdinen arteko akordio eta adostasunak behar dituzte. Alderdi guztion artean Eibarko hiriaren eraldaketa, errekuperazio eta erresilientziarako egokienak diren proiektuak adostea beharrezkoa da. Udalek ere laguntza hauek eskatzeko aukera izan dezakete, goazen Eibarren beraz, adostasun foro bat martxan jartzera.
Abenduaren 30ean prentsan irakurri genuen Arriola sailburuak Estaziño-Azitain zatirako trenaren estaldurarako laguntza eskaera bideratu nahi duela Europara. EH Bildu ez dago batere ados eskaera honekin, ezta argudiatzen diren arrazoiekin ere. Gainera, udalean oposizioko alderdion kontrakotasuna duen eskaera honen berri prentsa bidez izatea ez da batere serioa. Ez ahal zuen merezi udal kontrasterik? Gainera, proiektu honek enpresa eraikitzaileen berraktibazioa ekarri eta enplegua sortuko lukeela argudiatzen du Arriolak. Arrazoi sinplista EH Bildurentzat. Enpresa eraikitzaile erraldoiak laguntzen jarraitu behar al dugu? Ze motatako enplegua sortuko lukete gainera?
Tematutako dago PSE proiektu horrekin, baina EH Bildurentzat badaude mugikortasuna lantzeko beste bide eraginkorragoak, merkeagoak eta hiria askoz hobeto eraldatuko lituzketenak. Trenaren estaldurak hilzorian dagoen Barrena kalea oraindik eta gehiago baztertuko luke. Barrenak behar du premiazko eraldaketa, ez bide paralelo bat eraikitzea. Bertatik igaro beharko luke hiri barruko bidegorriak, kalea biziberrituz.
Hauek dira aurrekontu akordioan EH Bilduk eta PSEk adostutako neurriak. EH Bildu datorren urtarrilaren 15eko abstenitu egingo da:
- 500.000 € adostu ditugu ostalaritzan, gertuko denda txikietan eta industrian enplegua mantentzeko dirulaguntzarako: krisi honen ondorioz okerren pasatzen ari diren sektoreei zuzeneko laguntzak ematearen aldekoak bagara ere, eta orain arte horrela bultzatu eta babestu ditugu, oraingoan laguntza horiek pertsonengan eragin zuzena izatea nahi genuen. Beraien lanpostuei eusteko laguntza izatea nahi genuen. Argi geneukan beste talka-plan bat baldin bazegoen, EH Bildu eta bere ikuspegi soziala hor egon behar zela.
Gainera, eskerrak eman nahi dizkiogu PSEri, bi alderdien artean adosteko prest dagoelako, bi alderdiok talka-planari egin dizkiogun proposamenen oinarriak eta zehaztapenak. Hauek 1.400.000€ko balioa dute. Beraz, Talka Planean EH Bilduk izango duen eragina, 1.400.000€koa izango da.
- Azkenik, Andreetxeak leku ikusgarri eta zabala izango du, egiten duen lanak benetan merezi duen leku ikusgarria. Emakumearen mahaiaren eta mugimendu feministaren eskaria une oro izan dugu buruan. Hemendik gure zorionak, Andretxea berria laster errealitate bihurtuko delako. EH Bilduren marra gorrietako bat zen, Andretxea ahalik eta lasterren gauzatu behar zen. Eta azkenean, horrela izango da.
- Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa. Herriko basoak etengabe kudeatzeko plan bat egitea ere adostu dugu. Dagokion kronogramarekin. Gure mendien konfigurazioa aldatzen ari da, gure begien aurrean eta martxa azkarrean. Horregatik uste dugu kudeaketa-plan bat garrantzitsua dela, Udalak lur pribatuak erosteko edo lur horien jabeekin etorkizunean erabilera-hitzarmenak egiteko atarikoa izango den plan bat.
Gorka Errasti, bozeramailearen hitzetan, “Jaurlaritzak murrizketekin batera hainbat sektore laguntzeko neurriak ez zituen ezarri. Eta Jaurlaritzaren erantzukizun falta larriaren aurrean, ezin ditugu hainbat sektore eta familiak atzean utzi. Jakin badakigu ere, erreskateak behar dituztela eta Udaletatik hartutako neurriak beraien zaurientzako tiritak besterik ez direla izango”.
Ondokoak dira EH Bilduk bigarren talka planean jasotzeko proposatu dituen neurriak:
1. ENPLEGUA MANTENTZEKO DIRULAGUNTZA ILDOA: 500.000€
Industria enpresetan, Ostalaritzan eta Komertzio txikian (modu zabalenean: dendak, ileapaindegiak, bidai agentziak, etab.) eragina izango duena. Gainera, oraingo dirulaguntza hau pertsonengan eragina izatea nahi dugu, sektore horietan lanean dauden pertsonek beraien lanpostua mantendu dezaten.
2. Ostalaritza: UR ETA ZABOR TASAREN HIRUHILEKO BATEKO KUOTAREN SALBUESPENA: 120.000€
Itxi behar izan duten ostalaritza zerbitzuentzat %100eko salbuespena planteatu dugu eta zerbitzua irekita mantendu behar izan dutenentzat %50ekoa.
3. Ostalaritza: ETXERA ERAMATEKO ETA BERTAN JASOTZEKO JAKIAK PRESTATZEN DITUZTEN OSTALARITZA ZERBITZUEN WEBGUNE BATERATUA: 20.000€
Jakiak prestatzen dituzten ostalaritza zerbitzuek irekita mantendu dira azken behartutako itxialdian, bai bertan jasotzeko edo etxera eramateko formatuetan. Eibarren zerbitzu hori eskaintzen duten ostalarientzat webgune bateratu bat egitea proposatu dugu, herritarrek eskaintza guztia eskura izan dezaten.
4. Ostalaritza: 2021EKO TERRAZEN GAINEKO TASA ITZULTZEA: 50.000€
Ostalaritzak oraindik ere une larriak biziko ditu, beraz, 2020an bezala, 2021eko terrazen tasa itzultzea ere eskatu dugu.
5. Merkataritza: MERKATARITZA TXIKIAN EROSKETAK SUSTATZEKO KONTSUMO BONOEN KANPAINA: 250.000€
Oso ondo funtzionatu zuen aurreko talka planeko erosketa bonoen kanpainak. Berriz ere errepikatzea eskatu dugu. Eibarko gertuko denda txikientzat izango litzateke, elkarteetara bazkidetu eta ez bazkidetuentzat. Noski, kate haundiak kanpaina honetatik kanpo egongo lirateke.
6. Merkataritza eta Ostalaritza: LOKALEN JABEEKIN UDALAK BITARTEKARITZA LANA EGITEA:
Helburu argi bat du proposamen honek: lokalen alokairuen prezioa negozioaren dirusarreren jaitsieraren proportzio berean gutxitzea. Udal gobernuak konstruktora eta eraikuntza enpresa handiekin badu interlokuzioa. Hasi dadila ere merkataritza eta ostalaritza lokalen jabeekin sentsibilizazioa egiten.
7. Garapen Ekonomikoa: EKINTZAILETZA SOZIAL ETA KOOPERATIBOA ETA EKONOMIA SOZIALA SUSTATZEKO PROGRAMA MARTXAN JARTZEA: 20.000€
KOOP-FABRIKA egitasmoa Eibarren martxan jartzea planteatu dugu. Ekonomia sozial eta eraldatzailea ez da batere landu ez Eibarren ez gure bailaran eta horretarako nitxo handia dago. Jorratzeko dagoen gai Udalak hau bere gain hartzeko ordua heldu da.
8. ADINTXIKIKOAK, MENPEKOAK EDO ETA GAIXOAK ZAINTZEKO KONTZILIAZIORAKO DIRULAGUNTZA: 30.000€
Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatzea planteatzen dugu. Hainbat herritan martxan jarri da jada programa hau, alboko Ermuan, kasu. Konfinamendu garai latz hauetan kontziliatzeko arazoak dituzten familientzat zuzendutako dirulaguntza da.
9. Gizartekintza: OTORDUEN BERMEA FAMILIENTZAT KONFINAMENDU POSIBLEETAN: 10.000€
Jakin badakigu, dirusarrera gutxien dituzten familien haurrentzat eskolako otordua eguneko garrantzitsuenetarikoa dela. Planteamendu honekin, konfinamendu posibleetan otordu hori bermatzea nahi dugu.
10. Gizartekintza: TEKNOLOGIA ARRAKALA EKIDITEKO DIRULAGUNTZA: 30.000€
Baliabide gutxien dituzten familientzat ekipo informatikoak erosteko edo eta internetera sarbidea bermatzeko dirulaguntza izango litzateke.
11. Gizartekintza: EZAGUTZA EZ DUTEN FAMILIENTZAT DIGITALIZAZIO IKASTAROA: 10.000€
Nahiz eta ekipo informatikoak eta internetera sarbidea bermatu, familia askok ez dakizkite tresna informatikoak erabiltzen eta digitalizazio ikastaroak behar dituzte horretarako.
12. EUSKARA ERREFORTZUAK KONFINAMENDU POSIBLEETAN ERE BERMATZEA
Ikasle askok euskara errefortzuak jasotzen dituzte eskolaz kanpo Udalak lagunduta. Konfinamendu posibleak ezin dira oztopo izan euskara errefortzu hauek jasotzen uzteko eta bermatu egin behar dira.
13. Gizartekintza: AES DIRULAGUNTZETAKO ETXEBIZITZAREN MANTENIMENDURAKO ETA ENERGIA ORDAINTZEKO KONTZEPTUEN INFORMAZIOA SUSTATZEKO KANPAINA: 10.000€
Denbora asko pasatzen dugu etxean eta horrekin mantenimendu gastuak ere handitu dira kasu askotan. Gizarte Larrialdietarako Dirulaguntzetan badaude etxebizitzako mantenimendu eta energia gastuak ordaindu ahal izateko kontzeptuak. Herritarrek informazio hau izan dezaten sustapen kanpaina bat egitea eskatu dugu.
14. BALIABIDE GUTXIEN DITUZTEN PERTSONENTZAT MASKARA BERERABILGARRIAK BANATZEA: 50.000€
Maskarak beharrezkoak dira oraindik ere eta izango dira luzaroan. 1200€/hilean baino soldata txikiagoa dutenentzat, 1080€/hilean baino pentsio txikiagoa dutenentzat eta AES edo eta RGI jasotzen dutenentzat Udalak maskara berrerabilgarriak banatzea planteatu dugu.
Covidaren osasun larrialdirari eta honek ekarri duen krisialdi ekonomikoari aurre egiteko bigarren Talka Planak berezibiziko garrantzia izan beharko du 2021eko aurrekontuan. EH Bilduren negoziaketarako prestutasuna argi gera dadin, aurten ez du osoko emendakinik aurkeztu.
Errebaleko merkatu plazaren inguruan ondoko marra gorri argiak jarri dizkio EH Bilduk PSEren Udal Gobernuari.
Martxan jarriko den dirulaguntza zuzenaz gain, hainbat babes proposamen luzatu ditu EH Bilduk mozio bitartez
Pandemia garai honetan, kaletarrok mendi eta baserri auzoetara jo dugu berriz ere. Askotan kontzientzia falta nabarmena dagoela jakinarazi digute hainbat baserritarrek. Heziketa horretan laguntzeko Eibarko mendi eta landa auzoetako sarreretan informazio panelak eta zakarrontziak jartzea eskatu dugu Udalean.