AKTUALITATEA


| 2024-12-11 16:07:00

Abenduaren 5ean prentsaurrekoa eman genuen aurrekontuaren negoziazioaren atarian gaudelako, eta zenbait gairen inguruan akordio batzuk lortzea beharrezkoa ikusten dugulako.

Egoera bereziki larria dela deritzogu hurrengo lau gaietan: etxebizitza, hezkuntza, zaintza eta sozioekonomia. Horregatik, aurrekontuetatik jada urgentziaz erantzuten hasi behar garela uste dugu eta ondorioz, udal gobernuari mahai bat osatzeko proposamena egiten diogu akordio batzuk lortzeko.

Kontziente gara honek ez duela arazoa guztiz konponduko eta horretarako plan zabalagoen inguruan hitz egitea beharrezkoa dela, baina, esan bezala, aurrekontuei begira erabaki batzuk urgentziaz hartzeko beharra ikusten dugu.

Proposamenak lau bloke izango ditu, hiriarentzat eta eibartarrentzat estrategikoak izango direnak.

ETXEBIZITZA

Etxebizitza politika  puntu nagusienetarikoa izango da EH Bildurentzat. Etxebizitza bat eskuratzeak, izan alokairuan edo izan jabetzan, eragin zuzena du herritarren zein familien egoera ekonomikoan. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu molde eta tipologia ezberdinetako etxebizitzen eskaintza publikoa egitea.

Gure planteamenduan etxebizitza politikan sakontzeko neurri berritzaileak abian jartzea dugu helburu, eta orain arte egindakoari jarraipena ematea.

ZAINTZA

Azken aldian zaintzaren afera eta problematika mahai gainean jarri dira, hainbat eragileren lana eta borrokari esker. Zaintza behar objetiboa da, guztiok izan dugu, eta izango dugu gure bizitzan zehar zainduak izateko beharra, eta guztiok izango gara zaintzaile gure bizitzako momenturen baten. Behar objetiboa dela argi dago, baina eskubide unibertsala izan beharko lukeena, pribilegio bilakatu da urteetan garatu diren politika pribatizatzaileak direla eta. Instituziook honi erantzuteko eta neurriak hartzeko erantzukizuna daukagu.

Gaur egun zaintza lanak ez dira demokratikoak, emakumeon bizkar gelditzen dira, eta modu prekarioenetan egiten dituzte emakume arrazializatu eta migratuak.  Horregatik beharrezkoa zaigu alde batetik, urgentzia batzuei erantzutea; eta bestetik, bestelako zaintza eredu bati bide ematea.

Azken finean, ezinbestekoak dira diagnostikoa eta zaintza-mahaia sortzea, lehen pausoak ematea, alegia.

HEZKUNTZA

Hezkuntzak hiriko bizitza osoari eta herritar guztiei eragiten die. Hezkuntza formalaz gainera, sistema ez-formala eta informala ere aztertu beharko lirateke, eta, era berean, arreta eskaini hezkuntza prozesuaren osagarri diren gainontzeko eragile, espazio eta dinamikei.

Hezkuntza zeregin partekatua da. Eskolak eta familiak funtsezko eragina duten arren, onartu beharra dago beste eragile eta elkarte askok parte hartzen dutela zeregin horretan, baita kirol klubek ere.

Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, besteak beste, urteetan eskatzen ari garen hezkuntza teknikari baten beharra ikusten dugu, eta garatuta dagoen Elhuyarren txostenaren bide-orriari jarraitzea.

INDUSTRIA/SOZIOEKONOMIA

Estrategia sozioekonomikoaren baitan berrindustrializazioak pisu nabarmena izan behar du. Hiru hanka argirekin: herrian dauden enpresak babestu eta eutsi, enpresa industrialak erakarri, eta enpresa industrial berriak sortu.

Garrantzitsutzat jotzen dugu Lanbide Heziketarekin elkarlanean jardutea, beharrezko formakuntzak garatzeko industrian dagoen lan eskaintzari erantzuteko. Bestalde, herrian zehar dauden lokal industrial hutsen arazoari erantzun bat eman nahi diogu, merkaturatzeko erraztasunak emanez.

Lehen sektorearen premiazko belaunaldien arteko erreleboa landuko dugu, ekintzaileentzako azpiegiturak eta baliabideak jartzeko proposamenak eginez.

Ondorioz, aurretik esan bezala, udal gobernuarekin, aurrekontuei begira, akordio batzuk lortzea beharrezkoa dela uste dugu, urgentziaz gai hauei erantzuna emateko.