Irailaren amaieran ERAIN Elkarteak (Hezkuntza ez formaleko Eibarko Elkartea) eta Eibarko Udalak hitzarmena sinatu dute Eskola Kiroleko jarduerei hasiera emateko. EH Bilduren ustez, tamalgarria da ikasturtea hasi aurretik akordioa itxi ezin izana, izan ere, Aldundiko teknikariak esku hartu ezean une honetan ez litzateke eskola kirolik egongo Eibarren.
Espero dugu aurrerantzean udalak dagokion erantzukizuna beregain hartzea, eta familiek udal kudeaketaren akatsei erantzun beharrik ez izatea. Adibidez, udalari ordaintzea dagokion diru partida guraso elkarteek aurreratu behar izatea.
Adierazi nahi dugu, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak kontuan hartuz gero, Eibarko eskola kirola zaharkituta dagoela nabarmena dela, eta, beraz, gaurkotzea dagokiola; “Eskola Kirola egituratzeko diagnostikoa eta proposamena” txosteneko datuak ikustea besterik ez dago,. Gainera, “Eibarren segregazio egoerari aurre egiteko prozesua”ren emaitzen txosteneko datuak gehitzen baditugu, Eibarko hezkuntza eta eskola kirolaren egoera oso kezkagarria dela ondorioztatzen da.
Badakigu Athlon enpresa udalarekin lanean ari dela Aldundiaren gomendioz; beraz, espero eta desio dugu Eibarko eskolek merezi duten lekua izatea kirolean, eta etorkizunean udalak dagozkion ardurak betetzea.
Arlo horretan Udalak gauza asko ditu hobetzeko, eta espero dugu eskola kirolari eta hezkuntzari dagokion garrantzia ematea.
Komeni da gogoratzea 2022ko iraileko osoko bilkuran aho batez onartu zela Eibarko Eskola Kontseilua sortzea eta martxan jartzea, eta 2023ko uztaileko osoko bilkuran berriro aztertu zela gai hori. Alderdi guztiok berretsi genuen Eibarko Hezkuntza Kontseilua martxan jartzearen premia, eta Jon Iraola alkateak esan zuen: «Kontseiluak kudeatuko lituzke hezkuntza arazoak, eta segregazioaren arazoari ere helduko litzaioke»,
Bi urte igaro dira 2022ko lehen akordio hartatik, eta urtebete baino gehiago 2023ko uztailean, adostutako erabakia martxan jartzeko eskatu zenetik. Hala ere, gaur egun, oraindik ez dago Eibarko Eskola Kontseilurik Hezkuntzaren baitako arazoak jorratzeko, eta udal gobernuak beste alde batera begira jarraitzen du.
Larria da hezkuntza Eskubide Unibertsala izanik, Udal Gobernuak lehentasunezko gaitzat ez hartzea.