Eibar

EH Bilduk etxebizitza hutsen gaineko zerga bikoiztea proposatu du

Gaur egun, ohiko etxebizitza ez diren ondasun higiezinen kuotaren errekargua %50ekoa da. EH Bilduk errekargua %100era igotzea proposatu du, etxebizitza hutsak merkaturatzeko helburuarekin. Eibarren, urtarrileko datuen arabera, 1018 etxebizitza huts daude.

| 2020-09-10 11:48:00

2021eko tasa proposamenak aurkeztu berri ditugu eta Udal Gobernuaren tasak izoztearen proposamenaren aurrean, EH Bilduk etxebizitza hutsen gaineko zerga bikoiztea eskatu du. Alokairuaren prezioak bizi duen boomaren aurrean, etxebizitza gehiago merkaturatzea da gure proposamenaren asmoa.

Gainera, aurrera irtengo balitz, etxebizitza hutsen jabeen artean Bizigune programaren onurak azaltzeko kanpaina bat ere egitea planteatu dugu. Ba al dakite etxebizitza hutsen jabeek, etxea Bizigune programan alta emanez gero, ohiko zergan %50eko deskontua dutela? Informazio hau hedatzea beharrezkoa dela uste dugu.

Etxebizitza huts baten jabe izatea merkeegia da gaur egun Eibarren, ez dauka ez hanka ez bururik, etxebizitza berri gehiago eraikitzeko asmoen aurrean, 1018 etxebizitza hutsik egotea. Bestalde gainera, alokairu pribatuaren booma daukagu. Alokairuzko etxebizitzen prezioek, azken 5 urteetan, EAEn, %31 igo dira. Benetan eskandalagarria.

Espekulazio honen aurrean eta Eibarko udalak bere etxebizitza lanketa eta zerbitzu propioa martxan jartzen ez duen bitartean, Jaurlaritzaren Bizigune zerbitzua sustatzea da biderik eraginkorrena. Gaur egun, 82 etxebizitza besterik ez daude Bizigune zerbitzuan altan. Eta 1018 etxebizitza huts. Atera kontuak. Pentsa etxebizitza hutsen erdiak Bizigunen alta emango balute eibartarrengan honek izango zukeen onura ikaragarria.

Bukatzeko, Katalunian zorionekoak dira. Atzo, Parlamentuak alokairuaren prezioak mugatzeko legea onartu zuen. Espekulazio honekin bukatzeko bide ausartak beharrezkoak dira. Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk proposatu zuen berdina, baina PNV eta PSEk atzera bota zuten lege proposamena. Legebiltzar berriaren osaketan askotan entzun izan dugu PSEko kideen ahotan, ezker politikak ziurtatzeko Gobernuan izan behar zutela. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da!

Errebal eraikinaren obrak diru publikoa xahutzen jarraitzen duela salatu du EH Bilduk

Enpresa eraikitzaileak obrarekin jarraitzeko 700.000€ gehiago behar dituela jakinarazi digute. Noiz arte jarraituko du diru publikoa xahutzen Errebal eraikinak?

| 2020-07-28 17:53:00

Atzoko Plenoko puntu bat izan zen Errebal obrarentzat diru gehiago bideratzea. EH Bildu oso kritikoa izan zen erabakiarekin. Obra batek ez al dauka gastu mugarik? Langileriaren lan baldintzak hobetzeko, garbiketa zerbitzua berriz publiko egiteagatik zinegotziok kartzela zigorra izateko arriskua daukagun bitartean, obra batera diru publikoa etengabe bideratu al daiteke? Ez dauka ez hanka ez buru. Oso haserre dago EH Bildu.

2020 urte latza daramagu. Aurrekontuarekin malabarismoa egin dugu, hainbat milioitan aurrekontua murriztu eta krisiari aurre egiteko Talka Plana finantzatzeko. Baina orain, PSOEren Udal Gobernuak 2021eko aurrekontua 710.000 eurotan hipotekatu nahi du, pertsonen ongizatean inbertitu beharrean, porlanean gastatzeko.

Gainera, 710.000 euro gehiago bideratzeak ez du esan nahi obraren likidazioa heltzerakoan enpresak diru gehiago eskatuko ez digunik. Gogorarazi beharra dago azken lizitazio prezioa 6.400.000 eurotan jarri zuela Udalak. Iza-Campezo enpresak irabazi zuen lehiaketa publikoa, milioi bateko beherapenarekin, 5.370.000 eurotan. Dagoeneko 710.000 gehiago eskatu dizkigute. Likidazioan beste 300.000 euro eskatuz gero, obraren bukaerako prezioak Udalak markatutako lizitazio prezioa gaindituko luke! Beste marka bat Errebalen historia tristearentzat.

Nazkatuta gaude enpresa eraikitzaileek eta administrazio publikoek duten joko maltzur honekin. Lehiaketa irabazteko prezioak bota, obra bukatu arte diru gehiago eskatu eta administrazioak etengabe estutuz. Gainera praktika hau normaltzat hartzen da!

Ez kostua bakarrik, epeak ere luzatuko dira eta 2021eko urte erdialdean bukatzea aurreikusten da orain. Gauzak horrela eta PSOEren udal gobernuak 2020rako bukatuta egongo zela askotan zin egin duenez, galdera zehatza bota genien Plenoan, baina ez genuen erantzunik jaso: udal gobernuko kideren batek azaldu ahal dezake bi esalditan ze zerbitzu eskainiko diren zehazki Errebal eraikinean? Dagoeneko zehaztuta egon beharko litzateke baina ez ziren erantzuteko gai izan.

EH Bilduren konpromisoa oso argia da. Eraikina bukatuta eta martxan ikustea nahi dugu. Baina edozein preziotan? Zein da Errebal eraikinak izango duen kostua urte guzti hauek eta gero?

ALBISTEAK

Errebal eraikinaren obrak diru publikoa xahutzen jarraitzen duela salatu du EH Bilduk

2020-07-28 17:53:00

Enpresa eraikitzaileak obrarekin jarraitzeko 700.000€ gehiago behar dituela jakinarazi digute. Noiz arte jarraituko du diru publikoa xahutzen Errebal eraikinak?

Garapen ekonomikoan murrizketak salatu eta udal lan orientazio zerbitzua martxan jartzearen beharraz ohartarazi du EH Bilduk

2020-07-10 11:35:00

Ekaineko Plenoan udal dirulaguntzetan aldaketak onartu ziren. EH Bilduk Garapen Ekonomikoan egindako murrizketak salatu zituen. Gainera, udal lan orientazio zerbitzua martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du.

Pertsonak politiken erdigunean jartzeko ordua dela uste du EH Bilduk

2020-05-30 09:04:00

Osasun krisialdian egindako lanaren berri eman du EH Bilduk. Gainera, etorkizunera begira eman beharreko pausuak azaldu dituzte. Elkarlana eta eibartarren ongizatea beti ardatz.

Debegesa egoera berrira egokitzeko ordua dela uste du EH Bilduk

2020-05-19 11:30:00

Osasun krisialdia dela eta aurrekontuan doikuntza ausartak egin beharko ditu Eibarko Udalak. Baita lehentasun berriak markatu ere. Gutxienez berdina egitea eskatzen diogu eskualdeko Garapen Agentziari. Kudeaketa plana berraztertu eta lehentasunezko ekintzak burutzea.