AKTUALITATEA


| 2023-07-05 08:46:00

18 Batzorde Aholkulari proposatu ditu PSEk agintaldi berri honetarako. EH Bilduk ordea, Batzordeen inguruko hausnarketa aspaldi eskatu eta gero, hauek erdira murriztea proposatu du. Gauzak horrela, 8 dira EH Bilduk planteatzen dituen Batzordeak, lan egiteko modua goitik behera aldatzen dutenak.

Gainera, Batzordeetara joateagatiko dietak 313€tatik 100€tara murriztea ere proposatu dugu. Dietak ez dira soldata bat. Zinegotziak batzorde edo plenoetara joan ahal izateko eta bere ohiko lana uzteagatik izan ditzakeen galerak konpentsatzeko kontzeptua da. Baina denboraren poderioz soldata estra batetan bilakatu da. Horrekin amaitu beharra dagoela uste du EH Bilduk.

EH Bilduk proposatutakoak lantaldean eta modu transbertsalean lantzeko Batzordeak dira, herriak dituen gaur egungo beharrei modu erangikorrago batetan eta ikuspuntu integralago batekin erantzungo dietenak. Zaharkituta dago PSEren erabakitze organoen eredua. Ez diete gaur egungo beharrei erantzuten. Lan egiteko modua aldatu beharra dago. Gainera, Batzordeek aspalditik merezi dute hausnarketa bat. Udal Gobernuak ez du hausnarketa hau egiterik nahi, are gehiago, aurreko agintaldian baino Batzorde Aholkulari bat gehiago proposatzen dute. Horren aurrean, EH Bilduk bere lanketa propioa egin eta Batzorde planteamendu berria egin du.

Ondokoa da Batzorde Aholkulariak berregituratzeko proposamena:

  1. Espazio publikoaren kudeaketarako batzordea
  2. Herritarren ongizaterako eta bizikidetzarako batzordea
  3. Kultura, aisialdia eta ondarearen kudeaketarako batzordea
  4. Udalaren kudeaketaren jarraipen batzordea
  5. Garapen Ekonomikoko eta Laneratzerako batzordea
  6. Euskara batzordea
  7. Berdintasun batzordea
  8. Hezkuntza batzordea