AKTUALITATEA


| 2022-12-13 11:39:00

Tamalez, udal hauteskundeak ate joka dauden arte itxaron behar izan du Andirao Baserritarren elkarteak beraien eskaera kontutan har dadin. Duela urtebete Andirao elkarteko ordezkariak alderdi guztiekin bildu ziren beraien eskaerak azaltzeko. Horien artean, baserri guztietarako sarbideak eta pistak konpontzeko beharrezkoak ziren 1.700.000€ak. EH Bildu izan zen aurrekontuetan eskaera hori islatu zuen bakarra. PSEk atzera bota zuen orain berea egin duen EH Bilduren eskaera.

Duela urtebete, 2022ko aurrekontuetako negoziazioan, landa auzoetako pistak eta baserrietara sarbideak konpontzeko partida lau urtez jarraian handitzea eskatu zuen EH Bilduk, Andirao elkarteak egindako lanketan oinarrituta, beharrezkoak ziren 1.700.000€ak inbertitzeko. Duela urtebete, PSEk, PNVkin aurrekontuen onarpena ziurtatu eta gero, EH Bilduren proposamen guztiak atzera bota zituen. Baita landa auzoetako beharrak asetzea ere.

Duela egun batzuk ordea, duela urtebeteko Andiraoren eskaera eta EH Bilduk egindako proposamena bere eginda, PSEk prentsan iragarri du datozen bost urteetan atontze hauetarako partida handituko duela. Berandu bada ere, modu batean edo bestean, baserritarren beharrak azkenean asetuko direla dirudi eta pozik hartu du berria EH Bilduk.

Bide batez, gogoratu beharra dago, askotan PSEren udal gobernua landa auzoetako pistak konpontzera mugatzen dituela baserritarren aldeko ekimenak. EH Bildu aspaldi ari da lehen sektorea garapen ekonomikoko ardatz bezala aintzat hartzeko eskatzen eta belaunaldien arteko premiazko errelebo plana gauzatzeko eskatzen.