AKTUALITATEA


| 2021-09-07 11:42:00

Errebal Plaziako emakidako 100 garajeak atzo bertan erabilgarri jarri zituen Eibarko Udalak. Datozen egunetan ere txandakako parking publikoa irekiko da bertan, beste 100 plazarekin. Gainera, El Corte Inglesek iragarri duenez, parkinga berriz ere ireki du.

Gogoratu beharra dago gainera, San Juan eta Bidebarrieta kaleetako txandakako TAO aparkalekuak Errebalen lurzoruan kokatuta zegoen 98 plazatako behin-behineko parkingaren itxierak ekarritako aparkaleku beharrak arintzeko egin zirela.

Taberna batzuk ere aparkalekuak behar izan dituzte pandemia garai honetan beraien terrazak jarri eta negozioa bideragarri izaten jarraitzeko.

Hirigunean dauden txandakakoak ez diren aparkalekuen (marra txuria) falta handiaren aurrean, eta epe motz-ertainera gabezia hau konponduko ez dela jakitun, San Juan eta Bidebarrieta kaleetako TAO txandakako aparkalekuak etetea eta aparkaleku libreetan bilakatzea (marra txuria) proposatu du EH Bilduk. Proposamena Alkatetzara eta Trafiko Batzordera luzatu du EH Bilduk bertan aztertua izan dadin.