AKTUALITATEA


| 2021-04-27 11:04:00

EH Bilduren ustez, pandemia honek gehien kaltetu duen sektoreetako bat suspertzeko plan bat munduko gauzarik serioena izan behar du. Mimoz landu beharko litzateke Merkataritza Suspertzeko Plan bat. Baina PSEk idatzi duena espedientea betetzeko besterik ez da, Jaurlaritzatik dirulaguntza bat jasotzeko. Eta oso nabaria da.

2019-2024 iraupena izango du Planak. Egia da ziurgabetasunez betetako garaiak bizi ditugula, baina badugu mahai gainean komertzioan eragingo duen ziurtasun latz bat: Corte Inglesak ateak itxiko ditu. Ez da orain arte ezagutu dugun komertzioa izango eta albisteak, bertako langileez gain, herriko komertzio txikiak beldurtu ditu.

Gorka Errastik, EH Bilduren bozeramaileak, Garapen Ekonomikoko Batzordean Corte Inglesaren berregituraketa Komertzioa Suspertzeko Planean jasota egon behar zuela planteatu zuenean, PSEren erantzuna Plana behin betiko abenduan itxi zela izan zen eta albiste larri hori ezin izango zela bertan jaso. Nola da posible komertzioa kaltetuko duen albiste garrantzitsuenetako bat komertzioa ardatz duen plan batetan ez jasotzea? Ez dauka ez hanka ez buru.

Horregatik diogu, ziurgabetasunez betetako garai hauetan, Plan biziak behar ditugula, malguak, eguneratzeak txertatuko dituenak. EH Bilduk ez ditu espedienteak betetzeko Plan eskasak onartuko, are gehiago komertzioa biziberritzea bezalako helburuak dituztenean. Komertzioak herria bizirik mantentzen du eta PSEren udal gobernuak ardura gehiagorekin jokatu beharko luke.