AKTUALITATEA


| 2022-02-11 11:03:00

Aurreko ekitaldietan, aurrekontuen negoziazioetan, PSEren udal gobernuak alderdi guztiekin akordioetara heltzeko saiakerak egin ditu. Aurten ordea, nahiz eta komunikabideetan kontrakoa esan, oso deigarria izan da PSEk negoziatzeko izan duen interes falta. Adostasun batetara heltzeko ez du inongo saiakerarik egin. Zergatik ote?

Beti diogu, PNVren laguntzarekin aurrekontuak onartuko dituenaren lasaitasunarekin jartzen dela negoziatzera PSE gainontzeko alderdiokin. Baina saiakera txikiak egin izan ditu. Aurten, ordea, ezta hori ere ez. Urteetako PNVren abstentzioa, baiezko borobila bilakatu delako izango ote da?

EH Bilduk aspaldi azaldu du negoziatzeko duen gaitasuna, eibartarron bizitza hobetzeko akordioetara helduz. Aurten ordea, PSEk ez du jokoan sartzerik nahi izan. Ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Aurrekontuari egin genizkion 33 proposamenak aztertzeko kontrasterako bilera bakarra izan genuen urtarrila hasieran. Bertan gainera, gure proposamenak epe luzekoak zirela aurpegiratu zigun PSEk. Harro dago horrekin EH Bildu. Guztiz landutako proposamenak erregistratu genituen, epe luzekoak epe motzekoen aurrean lehenetsiz. Aztarna utzi zezaketen proposamen eraldatzaileak eta ez ekimen puntualak.

Hiru astetan inolako berririk izan gabe egon eta gero, bigarren bileran, PNVkin akordio batetara heldu eta gainontzeko alderdion proposamenentzat dirurik ez zegoela adierazi zigun PSEk. Kortesiazko bilera hutsa, hortik bost minutura lortutako akordioa prentsan iragartzeko. Iazkoa baino akordio merkeagoa lortu du PNVk. Iaz gainera, 1.600.000€ inguruko akordioa ere lortu zuen EH Bilduk. Nola da posible aurten ordea, gainontzeko proposamenentzat dirurik ez egotea?

Gauzak horrela, EH Bilduk osoko emendakina mantendu eta 2022ko aurrekontuen kontra bozkatuko du.