AKTUALITATEA


| 2020-05-30 09:04:00

Bizi dugun krisialdi latz honetan, elkarlana lehenetsi dugu. Alkatetzarekin batera esku hartu dugu, proposamenak egin eta eibartarrentzat irtenbideak topatu ditugu hilabete hauetan. Alderdikerietatik harago, kokudeaketarako eta elkarlanerako egunak izan dira. Harro gaude gainera egin dugun lanaz.

Talka eta erreskateak. Horiek dira buruan izan ditugun printzipioak. Bizi eta biziko ditugunak jakinda, obretara pertsonen ongizatera baino diru gehiago bideratzea planteatze hutsak ez dauka ez hanka ez buru. Argi geneukan dendari, ostalari, autonomo, pertsona eta familien ondoan egon behar ginela eta garala. Horregatik Talka Planean ezinbestekoak ikusi ditugu, besteak, beste, ondokoak jasotzea: automoentzat dirulaguntza zuzenak, negoziak dibertsifikatzeko laguntzak, enplegu industriala mantentzeko beste ildo bat eta nola ez, herriko komertzio eta ostalaritza txikian herritar guztien kontsumoa sustatzea. Gainera, EH Bilduk proposatuta martxan jarritako mahai sektorialak oso aberasgarriak izan dira eta talka planeko neurri posibleak eragileekin kontrastatzeko eta beraiekin batera adosteko aukera eman digute.

EH Bildurentzat azken hilabeteotako kudeaketa zailena, eskumako alderdi batekin egoeraren diagnostikoa konpartitzea eta krisiari aurre egiteko neurriak adostea izan da. Krisialdiak politiketan ditugun ezberdintasunak gehiago azaleratu ditu.

2020ko aurrekontuak 6 hilebeteetako bizitza izango du. Ez ohiko egoerek ere ez ohiko neurriak behar dituzte. Horrelakoa behar du aurtengo aurrekontuak eta datozen urteetakoak ere. Aurreko krisialdi larritik gutxika gutxika burua altzatzen ari ginela, beste krisialdi batek jo gaitu. PSOE zerura begira egon izan ez balitz, 2012an sortu zuen Garapen Ekonomiko sailak nahi beste profesional izango lituzke lanean, krisiari aurre egiteko ekintzak pentsatu eta garatzen. Teknikari bakarrak jarraitzen du bertan lanean eta aurrera eramandako ekintza gehienak azpikontratatuak izaten jarraitzen dute. PSOEk berriz ere trena galdu du.

Datozen aurrekontuek pertsonen ongizatea, duintasuna eta garapen ekonomikoa izan behar dute ardatz. Pertsonak jarri behar dira politika guztien erdigunean. Udal tasak aztertzeko prest dago EH Bildu. Krisialdi hau ez dugu betikoek ordainduko, gehien dutenek, pixka bat gehiago emateko bideak aztertu beharra dago. Deskonfinamendu garai honetan ere, kulturak eta kultur eskaintzak berebiziko garrantzia izango du, baita herritarren osasun mentalarentzat ere. Kultur kontsumoa sustatu eta zabaltzeko, besteak beste, irailetik urte bukaerara, Coliseoko programazioa prezio erdira jaistea proposatu dugu.

EH Bilduk ezinbestekoa ikusten du Eibarko Plan Estrategikoaren eguneratzea. Erdibidean dago plana, 5 urterako bizitza du. Bizi dugun krisialdia ikusita, plana eguneratzea eskatu dugu berandu baino lehen. Baliabideak urriak diren honetan, alderdien arteko akordio estrategikoek berebiziko garrantzia izango dute hiriaren etorkizunerako.