AKTUALITATEA


| 2022-07-15 10:30:00

Erabaki hauen atzean pandemiaren aitzakia jartzen du Osakidetzak, baina Osakidetzan gertatzen ari dena ez da berria, azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorio da. Etenik Gabeko Arrate Guneak, PAC delakoak, itxi dira. Debabarrenan adibidez, 2019az geroztik, Ermua eta Elgoibarko PACak itxi dituzte, Mendaroko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua saturatuz. Oporraldietan hainbat zerbitzuen itxierak. Osasun etxeetan profesional gabezia handia dago, gainerako profesionalen agenda gainkargatuz eta pazienteei kalitatezko arreta ezin bermatuz. Hainbat osasun etxeetan bizitza osoan eskainitako osasun zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira. Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa da eta atzerapenak nabarmen areagotu dira. Edo eta adineko eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak daude.

Hau guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi. Murrizketak, planifikazio eza eta Osasun Sistema Publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Osakidetzan emandako atzerapausuak gero eta nabarmenagoak eta pandemiak ageriagoan utzi ditu gabezia guzti horiek.

Duela gutxi, Sagarduy Osasun Sailburuak aldaketa kulturalaz hitz egin zuen. Baina hau ez da aldaketa kultural bat, oinarrizko eskubide baten kontrako eraso bat baizik, pertsona guztiok arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako, eta hori da orain arriskuan dagoena.

Lotsagarria da gainera Eusko Jaurlaritzak 2020 eta 2021 ekitaldiak 1.456 milioi euroko superabitarekin itxi izana. Oraindik ageriagoan uzten du osasun publikoa indartu eta bertan inbertitzeko borondate politiko falta.

Gauzak horrela, eta murrizketa guzti hauen aurrean, Eibarko EH Bilduk ondoko mozioa erregistratu du Eibarko Udaleko udalbatzan onartua izan dadin:

 

Eibarko Udaleko udalbatzak:

1. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.

2. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz.

Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, beti ere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.

3. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Lehen Arretako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.

4. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Eibarko anbulatorioan eta Eibarko Ospitaleko Torrekua anbulatorioan egindako arreta-ordutegi murrizketak bertan behera utz ditzala eta bi anbulatorioetan arreta 20:00ak arte berma dezala.