AKTUALITATEA


| 2022-05-20 11:20:00

Eibarko Udaleko Hondakinen Mahaian hilabeteak daramatzagu hondakinen birziklapen datuetan egonkortze kezkagarri bat ikusten. Ez hori bakarrik, hilabete batzutan, datuek gure herrian atzera egin dute eta aurten, 2021ean baino gutxiago birziklatzen ari gara. 2021 eta 2022ko datuak alderatuta, nahiz eta otsailean antzeko datuak izan ziren, 2022ko martxoan gaikako bilketa portzentaia %56,78koa izan zen bitartean, 2021ekoa %60,35ekoa izan zen. Hau da, 3,57 puntutan jaitsi zen gaikako bilketa Eibarren. Urtarrileko datuak are negargarriagoak dira. 2021eko urtarrilean gaikako bilketa portzentaia %61,50ekoa zen bitartean, 2022ko urtarrilean %54,30ekoa izan da. 7,2 puntutako jaitsiera!

2021 urtea %60aren bueltan hasi genuen eta 2022an %55eko gaikako bilketa portzentaian mugitzen ari gara. Zer ari da gertatzen? Zer proposatzen dute PSE eta PNVk, Mankomunitatea osatzen duten alderdien gehiengoak? Nola helduko gara Debabarrenak 2030erako jarritako %70eko helburura?

Errefusaren edukiontzi grisean botatzen ditugun hondakinak gutxitu beharrean, gora egin dute Eibarren. Hau izan beharko litzateke Mankomunitatearen erronka garrantzitsuena. Eta ez Zubietako erraustegiari jaten ematea, bi alderdiek hauteskunde atarian borrokak antzezten dituzten bitartean. Gainera, Espainiar Estatuak onartu duen Hondakinen lege berriaren arabera, hemendik aurrera 10€/toneladako ordaindu beharko da errefusa errausteagatik eta guzti horrek 150.000€ inguru suposatuko dizkio urtean Debabarrenako Mankomunitateari.

Iaz Eibarren egindako bi errefusa edukiontzien karakterizazioen emaitzak negargarriak izan ziren. Batetan, aztertutako hondakinen %67,53a birziklagarria zen eta bestean, %83,17a. Eibarren dauden 129 edukiontzi irletatik 71 besterik ez daude guztiz osatuta, hondakin guztiak bereizi ahal izateko edukiontziekin. Ordua da beraz, herritarrei birziklapena erreztu eta irla guztiak osatzeko.

Gainera, pandemia garaian organiko eta errefusaren edukiontziak ireki ahal izateko txartelak albo batera utzi ziren. Orain irekita daude uneoro. Eta okerrena da ez dela bereizten ondo edo txarto dabilen herritarra. Hondakinen lege berriak 3 urteko epea jartzen du herritar bakoitzak sortzen duen hondakinen araberako tasa pertsonalizatua ordaindu ahal izateko. Ordua da beraz, tasa horretara bidean, berriz ere txartela berreskuratu, ordenantza eta sistema hobetu, eta ondo ari den herritarra saritzeko.

Lan handia dago aurretik egiteko, nola da posible udal gobernuak Eibarko Udaleko Hondakinen Mahaiaren jarraipena zalantzan jartzea?