AKTUALITATEA


| 2021-06-18 11:48:00

Kultura premia biziko ondasun izendatzea bilatzen du mozioak. Hainbat neurri ere planteatzen ditu EH Bilduk: jaietara bideratuko ez den aurrekontua kultur ekintzak indartzera bideratzea; Errebal Plazia eta Coliseoko dinamizatzaile kulturalak herriko eragile kulturalekin batera bertako programazioa egitea eta hauek programazioan lehenestea; edo eta Errebal Plaziako postuetako kanonengatik bilduko den diruaren erdia bertako programazio kulturala indartzera bideratzea.

Ondokoa da erregistratu dugun mozioa:

EIBARREN KULTURA-SEKTOREA LEHENERATZEKO ETA SUSPERTZEKO MOZIO PROPOSAMENA

ZIOA

Pandemiak kultur programazioan eta eskaintzan goitik behera eragin du. Horrela, segurtasun neurriek, eta batez ere, pandemiak sorturiko beldurrak kultur jardueran eta eszenari zuzen-zuzenean eragin diote. Alde batetik, segurtasun neurri murriztaileek; eta, bestetik, ekitaldi jendetsuekiko herritarrek sentitutako beldurrak, kultur jardunean zuzeneko eragina izan dute. Horretaz gain, izurriteak herrietako jaiak orain arteko moduan ospatzea eragozten du. Horrek zuzenean bi eragin nabarmen ditu: bata, kultur sortzaileen eta profesionalen lan esparrua eta kultur eskaintza apaltzea; bestea, herritarrek beharrezkoa duten kultur produkzioaren eta jai-giro kulturalaren falta.

Sarri esan izan dugu, kultur eskaintzak, herritarren garapenerako ezinbesteko elementu direla eta gure kasuan, euskara eta euskal kulturaren ur emariaren sorburu direla. Honengatik guztiagatik, ezinbestekoa da kulturaren bizi iraupena eta garapena bermatzeko herritik plan bat garatzea eta martxan jartzea.

Sektore bezala kulturaren, ikuskizunen eta ekitaldien sektorean, estimazioen arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egitura ekonomikoan BPGren % 3 eta% 5 artekoa inpaktu zuzena duten langileak eta enpresak biltzen dira, eta 7.000 lanpostu inguru sorrarazten dira. Soinuarekin, argiztapenarekin, bideogintzarekin, eszenografiarekin, ekitaldietarako materialarekin, karga eta deskargarako langileekin eta abarrekin lotutako enpresak dira, hain zuzen ere. Eta, orobat, askotariko profesionalak: soinu-teknikariak, argiztapen-teknikariak, bideo-teknikariak, makinistak, makillatzaileak, koreografoak, ekoizleak, sustatzaileak, musikariak, artistak eta beste hainbat.

Sektore heterogeneoa eta zatikatua da, zeharkakotasun handikoa, eta beste sektore batzuen mendekoa; kulturaz gain, kirolen, industriaren eta turismoaren sektoreen mendekoa, alegia. Baina sektorearen urtarokotasunak eta zatiketak egiturazko ahulezia ematen diote, eta segurtasun juridiko falta larria, orain inoiz baino nabarmenagoa dena. Sektoreak muturreko egoera bizi zuen alarma-egoeraren aurretik, baina orain egoera areagotu da.

Ezin dugu ahaztu kulturak eta askatasun artistikoak oso modu esanguratsuan laguntzen diotela gizarteen dinamismoari, eta beren nortasuna adierazten laguntzen dietela segmentu sozial guztietako kideei, eta, horrek, gizarte-kohesioa eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzen dituela. Kulturak herritartasun demokratikoari bide ematen dio, sormena, ongizatea eta pentsamendu kritikoa sustatzen ditu, eta, gainera, integrazioa, kohesioa, aniztasuna, berdintasuna eta pluralismoa bultzatzen ditu. Eta gurea bezalako herri batean zer esanik ez euskal kulturak duen garrantzia.

Ekitaldi kulturalak ere motor garrantzitsua dira ekonomiarako, eta hori inoiz baino garrantzitsuagoa da COVID-19ren ondorioz bizitzen ari garen egoera sozio-sanitario honetan. Kulturaren, ikuskizunen eta ekitaldien sektoreak jarduera kontrolatuak eskaintzen ditu, seguruak, herritarren gogo-aldarterako arnasgune eta berreraikitzeko gune izan daitezkeenak.

Hori horrela, gaur egun, ekitaldi kultural bat kudeatzeko, gune eta leku egokiak bilatu behar dira, fidagarriak, ekitaldiak egingo direla ziurtatzeko eta, beraz, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortuko direla ziurtatzeko. Administrazio Publikoak bere lehentasunen artean izan behar du kultura laguntzea, zaintzea, sustatzea eta hedatzea; hortaz, toki-administrazioaren zein erkidegoko administrazioaren betebeharra da edozein motatako ekitaldi kulturalak bultzatzeko balio duten politikak eta ekintzak sustatzea, baita krisialdi-egoera larri honetan ere.

Horregatik guztiagatik, eta egungo egoera honetan, EH Bildu udal taldeak hurrengo proposamena aurkezten du:

MOZIOA

1. Udalbatzak kultura premia biziko ondasun izendapenarekin bat egiten du. Eibarko Udalak izendapen horrekin bat doazen eta beharrezkoak diren ekintzak abiatu ditzala, izendapen horren garapena efektibo egiteko.

2. Eibarko Udalak krisi honen ondorioei eraginkortasunez erantzuteko neurri berriak abiatu ditzala eta halaber indarrean daudenen laguntzen irizpide, baldintza eta betebeharrak egokitu ditzala unean uneko egoerari erantzunez sektorearekin landuta hauek jende gehiagorengana iritsi daitezen.

3. Eibarko Udalak Kultura- eta ekitaldi-agenda mantendu, berriz ekin edo indartu ditzala,  osasun-segurtasuneko protokolo guztiak betez, hala nola pertsonen arteko segurtasun-distantzia, musukoa erabiltzeko derrigortasuna, higiene-, garbiketa- eta desinfekzio-neurriak eta aireztapena eta aire-girotzea. Ekitaldi eta egitasmo hauek #KulturaSeguruaDa lemarekin egingo dira.

4. Herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-kanpainak egitea, kultura segurua dela erakusteko. Eibarko kultura-munduaren aldeko apustua egitea, berariaz lagunduz, eta kanpaina horiek asmo osoz gauzatuz; betiere, osasun- eta segurtasun-neurri egoki guztiak hartuz, ez dadin kutsaturik egon.

5. Eibarko Udalak jarduera kulturaletarako eta jaialdietarako aurrekontuari eusteko konpromisoa hartzen du. 2021eko aurrekontuetan herriko jaietarako jasotakoaren zati handi bat jarduera eta ekimen kulturalei bideratu ditzala azkenean festak egitera ez badoaz egoera sanitarioa dela eta. 

6. Eibarko Udalak kontratatuko duen dinamizatzaile kulturalak, Errebal Plazia eta Coliseoko kultur-programazioak kudeatu eta indartuko ditu, beti ere, Eibarko kultur-eragileekin harreman zuzenean eta hauen parte-hartzea lehenetsiz.

7. Eibarko Udalak aurki irekiko den Errebal Plazia berriko zonalde kulturaleko aurrekontu propioaz gain, Merkatu Plazaren erabileragatik kanonetatik bilduko den diruaren erdia ere bertako kultur programazioa indartzera bideratzeko konpromisoa hartzen du.