AKTUALITATEA


| 2023-05-19 10:26:00

Kultur dinamika berpizteko erronka bere gain hartu du Eibarko EH Bilduk. Horretarako hainbat ekimen zehatz planteatzen ditu, kultur eragileak, sortzaileak eta espazio beharrak aintzat hartuta.

Urteetan kultura pasiboago bat sustatu eta gero, kultura aktiboago eta sorkuntzara jauzi egiteko ordua dela uste du EH Bilduk. Gauzak horrela, 2023ko aurrekontuetan datozen urteetan ospatuko diren ekintzak bultzatu ditu: batetik, herria artearen bitartez zaharberritzeko eta kalea museo ikusgarri batetan bilakatzeko balioko duen muralen Street Art Festibala; eta bestetik, musika talde eta abeslariak sarituko dituen eta hauek musika industriara gerturatzeko balioko duen Musika Lehiaketa.

Horiez gain, hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean EH Bilduk. Eibarko altxorretako bat herrian ditugun eragileak dira, baita kultur eragileak ere. Hauek dira askotan herriko kultur programazioa aberasten dutenak. Beharrezkoa da ordea, Eibarko Kultura Mahaia sortzea, eragileak eta Udala bilduko dituena eta elkarlana, sinergiak eta elkar ezagutza bultzatuko dituena.

Gainera, herritar kulturalak nahi ditugu, etorkizuneko kultura sortzaile izango direnak. Horretarako, txikitatik hezitu behar ditugu kulturan. Multikirola ekimen ezaguna eredu, haur eta gazteen artean sormen interdisziplinarra bultzatzeko programa garatuko dugu.

Kultur espazio eta programazioaren analisi sakona egitea ere beharrezkoa dela uste du EH Bilduk. Kultur programazioaren komunikazioak ere hobetu beharra du eta ekipamendu berriak sortzeko konpromisoa ere azaldu du. Batez ere, premiazkoa da eszena musikalean egotea ahalbideratuko duen espazio baten sorrera eta Txontako tailer huts batetan udal Arte Eskola sortzea.