AKTUALITATEA


| 2020-05-04 17:05:00

EH Bilduren ustez premiazko neurriak behar dituzte Eibarren itxitako establezimenduek. Askorentzat erreskatea suposatuko du Udaletik martxan jarri dezakegun Talka Planak. Gorka Errastiren hitzetan: “6 hilabeteetako bizitza bakarrik izango du aurtengo aurrekontuak. Ez ohiko egoera baten aurrean gaude eta 2020ko aurrekontua sortutako beharrei bideratzeko izan beharko litzateke. Herritarrak zentroan jartzea eta talka planak aurrera eramatea izan beharko litzateke Udalaren ardura nagusia”.

Komertzio eta Ostalaritza krisi mahai sektorialetan parte hartu eta gero, EH Bilduk argi ditu sektore hauen beharrei erantzuteko Eibarko Udalak hartu beharko lituzkeen neurriak:

1. LAGUNTZA ZUZENAK: Beharrezkoak dira laguntza zuzenak ematea. Azkarrak, hilabate hauetan sortutako zorrak gutxitzera bideratuta. Bi talde bereizten ditugu, batetik itxi behar izan duten establezimenduak eta bestetik, irekita mantendu direnak:

Itxitako establezimenduentzat:

- Establezimendu bakoitzari kopuru finko bat
- Itxialdiko alokairuaren zati bat ordaintzeko dirulaguntza
- Produktu galkorrak erosteagatik dirulaguntza

Irekita egon diren establezimenduentzat:

 - Salmenta jaitsieragatik dirulaguntza

2. BERRIKUNTZARAKO ETA ERREALITATE BERRIRA EGOKITZEKO LAGUNTZAK: Errealitate berrira moldatu behar izango dira establezimendu asko eta asko. Gainera, askok ere berrikuntzak sartu nahiko dituzte beraien negozioetan eta agian negozio ideia birpentsatu. Guzti horretarako, dirulaguntza ildo bat sortzea egokia izango litzateke:

- Segurtasun neurrietara egokitzapena, formakuntza, modernizazioa, dibertsifikazioa, online salmenta, banaketa bateratua, etab.

3. TOKIKO KONTSUMOA SUSTATZEKO LAGUNTZAK: Danok batera lortuko dugu. Horretarako Eibarko komertzio eta ostalaritzan kontsumitzeko bono eta taloi sistemek berebiziko garrantzia izango dute. Ez establezimenduak ekonomikoki berpizteko bakarrik, baizik eta bono hauek ere herritarrengan eragina izan beharko dute. Denok pairatuko dugulako krisia neurri batetan edo bestean:

- Tokiko komertzioan, ostalaritzan eta herritarrengan eragina izango duten bono/taloi sistema

4. TOKIKO KOMERTZIOA ETA OSTALARITZA BABESTEKO SENTSIBILIZAZIO KANPAINAK: Herritarrek ohiturak aldatuko dituzte, askorengan ere beldurrak eragina izango du. Beharrezkoa izango da Udaletik sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea, herritarrak tokiko komertzio eta ostalaritzan kontsumitzera animatuz.