AKTUALITATEA


| 2021-04-19 12:37:00

Datuak kezkagarriak dira, batetik, aurreko Planak izan duen gauzatze maila baxuagatik eta bestetik, Eibarrek duen egoera sozioekonomikoagatik.

Bataz bestez 8 urteetako bizitza dute HAPOek. Eibarkoa 16 urteetarako bidean doa. 2006an idatzi zen, hirigintza boomaren baitan, eta asko nabari da dokumentuan. Etxebizitza berria eraikitzea du irizpide nagusia eta horretan ibili da buru belarri PSEren Udal Gobernua azken urteotan. Diagnostikoaren arabera ordea, 1361 etxebizitza eraikitzeke geratu dira herrian, pentsa Planaren anbizioa.

Planeatutako ekipamenduak ere gauzatzeke geratu dira, Jaurlaritzak gauzatutako ospitalea eta Orbeako polikiroldegia izan dira egin diren bakarrak. Ipuruako polikiroldegi berria, Txontako auzo etxea, Azitaingo auzoa etxea eta nola ez, Errebal berria, gauzatu gabe geratu dira. Eta parkeen egoera oraindik negargarriagoa da. Planteatzen ziren 8 parkeetatik, bakarra egin da, Egazelain, etxebizitza promozio bati lotuta gainera.

Ausardia falta zaio PSEri, beti dago kanpo inbertsioen menpe, gainontzeko administrazioek eskuhartzeko zain, ekimen pribatuak eskuhartzeko zain. Udalaren eskuhartzea faltan botatzen du EH Bilduk, ezin dugu hiri eredua esku pribatuen esku utzi.

Eraikin industrial hutsek bere horretan jarraitzen dute, ez da ezer egin beraiekin. Industria gune berriak garatu gabe eta zaharrak berritu gabe geratu dira. Aparkaleku arazoak ere hor jarraitzen du. Zonalde naturalari ere ez zaio dagokion garrantzia eman. Hasieran aipatu dugun bezala, etxebizitza pribatua besterik ez du izan buruan PSEk indarrean dagoen HAPOan.

Jasotzen diren datu sozioekonomikoak ere negargarriak dira. Oso herri zaharkitua da Eibar, biztanleriaren ia %25ak 65 urte baino gehiago ditu. 2030erako %30a izango da. Urteak daramatzagu langabezi tasa altuarekin, PSEk ez du lortu datuari buelta ematea. Industria izan da Eibarko ekonomia motor historikoa. Baina oraingo datuak oso bestelakoak dira, %19ko pisua du industriak ekonomian, Debabarrenan %38koa den bitartean. Komertzio kate handien etorrerak ere gertuko komertzio txikia kaltetu duela dio diagnostikoak. Lehen sektoreak duen pisua ere oso eskasa da, PSEk ez duelako garapen ekonomikoaren beste hanka bat bezala ikusi, folkloretik harago (%0,2ko pisua, Debabarrenan %0,6koa eta EAEn %1ekoa den bitartean). Eibar desparekotasun sozioekonomiko handiak dituen herria dela dio ere, gizarte arrakala gero eta nabariagoa da. Denborarekin areagotzen joan da.

Baina, hemendik aurrera zer? EH Bilduk oso argi dauzka HAPO berriak jaso beharko lituzkeen marra gorri nagusiak:

- Eibarren ezin dira etxebizitza berri gehiago eraiki. Nahiz eta HAPO berrian PSEk indarrean dagoen HAPOtik egin gabe geratu diren 1361 etxebizitzak heredatu nahi dituen, EH Bilduk ez du inolaz ere onartuko. Gainera, 1018 etxebizitza huts daude Eibarren, ordua da horiekin lanketa serio bat egiteko.
- Industriak urteetan galdutako pisua berreskuratu behar du. Komertzio kate handien etorrerarekin bukatu behar da eta gertuko komertzio txikia babestu eta sustatu. Lehen sektorea ere babestu eta sustatu beharra dago eta errelebo generazionala lantzea ezinbestekoa izan behar da.
- Eraikin industrial hutsen berrerabilera lehentasuna izan behar da Udalarentzat. Udalak hor ere esku hartu beharko du.
- Ekipamendu berriak gauzatu beharko dira, auzo etxeei berebiziko garrantzia emanez, baita Ipuruako kiroldegia berritzeari ere.
- Parkeak, aisialdirako guneak, oinezkoentzako bideak, peatonalizazioak, hirian arnasguneak sortzea ezinbestekoak dira ere. Horretarako, garraio publikoa sustatu eta aparkaleku alternatiboak sortu beharko dira.

Bukatzeko, eibartarrak animatu nahi ditugu irekiko diren parte-hartze prozesuetan beraien ekarpenak egitera, denon esku dago etorkizuneko Eibar gauzatzea.