AKTUALITATEA


| 2022-01-21 11:05:00

Hilerriaren erabilerari dagokionez, asko aldatu dira gizartearen ohiturak azken urteotan. Eibarko hilerrian dauden 3700 nitxoetatik, 1800 inguru hutsik daude. Erdigunean alferrik okupatutako metro karratu hauek luxua direla uste du EH Bilduk. Aukera ederra dugu, okupatzen duen espazioa txikitu eta hiriarentzat hain beharrezkoak diren aisialdirako gune berri bat sortzeko.

EH Bildurentzat gainera, hilerria bere osotasunean kokapenez mugitzea ez da hartu beharreko irtenbidea. Erabiltzaileentzat, gehienbat pertsona nagusiak, zerbitzua asko urrunduko zelako, batetik. Eta bestetik, kokapen aukera berrietarako mendiari zatiak kentzen jarraitu beharko genuelako.

Gauzak horrela, 2022ko aurrekontuari proposamen zehatza luzatu dio EH Bilduk. Hilerriak okupatzen duen espazioa txikitzeko eta Urkin parke handi berri bat sortzeko proiektua idaztea eta ondoren, obra gauzatzea. Gainera, espazioaren egituratze berri horretan, auzoarentzat aparkaleku berriak sortzeko aukerak aztertzea ere eskatu du EH Bilduk.