Udal gobernuak aurkeztu berri duen San Juanetako egitarauaren harira, Eibarko EH Bilduk hainbat gauza salatu nahi ditu: Lehenik eta behin, “Izengabeak” lehiaketa 2023. urteko EH Bilduren emendakin baten ondorioz sorturiko lehiaketa da, eta horren baitan egingo den Izaroren kontzertua ez da San Juan jaien egitarauaren barruko ekitaldia. Kontzertua ekainean egitea suertatu da, agenda eta eguraldia direla medio, eta PSEk San Juanetako egitaraua aberasteko aprobetxatu du. Izan ere, aurrez sarritan aipatu izan dugun moduan, udalak ez du proposamen berririk jaietarako, eta beste ekitaldi batzuetaz baliatu behar da bere jai-egitaraua indartzeko. Urtero egin duen lez, ekainean hilabeteroko kultur gida atera beharrean, hilabete horretako eskaintza guztia San Juan jaien egitarau gisa aurkeztu du.
EH Bilduk ondorengoa adierazi nahi du: Jaien baitan hainbat ekitaldi antolatzen badira ere, guztiak ez dira jaien egitaraukoak, eta ekitaldi bakoitzak bere espazioa izatea eskatu dugu. Bestalde, behin eta berriz eskatu dugu San Juan jaien egitarauaren gaineko hausnarketa, eta elkarlanerako prestutasuna ere erakutsi dugu. Hala ere, egindako proposamenak ez dituzte aintzat hartu. Beti bezala, baina, ezkutuan interesatzen zaienaz baliatzen dira, eta bere egiten dute. Oraingoan, EH Bildurekin adostutako emendakinaz baliatu dira, eta egitaraua osotzeko erabili dute, Izaroren kontzertua, esate baterako.
EH Bilduk gazteentzako eskaintza aztertzea ere eskatu zuen, oso urria izaten delako. Aurten ere, nola ez, txosnaguneak eskainitakoaz aprobetxatuko dira.
Bada ordua herriarendako eta herritar guztiendako pentsatutako jaiak antolatzeko, bada ordua, bai!