AKTUALITATEA


| 2023-09-27 10:08:00

Agintaldi berriarekin Jaien Batzordea sortu du PSEk, behin bakarrik bildu dena. Oraindik ez dugu ez Sanjuanen ez Arrateko Jaien inguruko baloraziorik egin. EH Bilduk herriko jaien inguruko hausnarketa sakona egitea eskatu du.

380.000€ko aurrekontua duten Sanjuanek ez al dute programazioaren inguruko hausnarketarik merezi? Adin tarte guztien beharrak jasota al daude programazio horretan? Programazioak eguneraketa baten beharra duela uste du EH Bilduk eta Sanjuanak ospatu eta 3 hilabete beranduago oraindik baloraziorik ez dela egin salatu du.

Gainera, egin den Jaien Batzorde bakarrean Arrate egunean ere gaueko autobus zerbitzua eskaintzea eskatu zuen EH Bilduk, nahiz eta ostirala izan, PSEk ez zuen horrela aurreikusita eta. Aztertuko zutela erantzun eta gero, zerbitzuaren eta ordutegien berri komunikabideen bitartez jakin genuen.

Arrate egunean gainera kanpa jendez lepo zegoen eta PSEk jarritako gaueko autobus zerbitzuak ez zituen behar guztiak asetu. Autobus bakarra orduro, autobusak jendez gainezka, pertsonak autobusean tente, beste batzuk oinez jaisten Arratetik… guzti horrek dakarren arriskuarekin. Guzti honek ere hausnarketa eta autokritika baten beharra duela uste dugu.