AKTUALITATEA


| 2024-03-21 00:00:00

Korrikarekin Irundik Baionara, herriz herri, Harro herri leloa luze eta zabal hedatuz doa. Euskaraz jakin zein ez, herria batuta, dimentsio orotan eragiteko konpromisoa hartzeko deia egin digute antolatzaileek: harrotasunez, konplexuak baztertuta, euskararen herria mugituz, ingurua mugiarazteko aldarria. Izan ere, euskarak biziraungo badu, asko dugu astintzeko. Euskararen aldeko kontzientziak pizten ditu Korrikak, eta parte-hartzean duen eragina bistakoa da, eragile asko eta askotarikoak kilometroa erosi eta korrika egiteko prest daudelako. Hala ere, euskararen alde borrokatzen jarraitzera kondenatuta gaude. Euskararen ezagupenak aurrera egin arren, erabilera ez da proportzionalki handitu, aitzitik, erabilerak atzera egin du. Hizkuntza-politika ausartagoen beharra, eta oldarraldiaren aurrean euskal-hiztunen eskubideak irmo defendatuko dituen jarrera politikoak inoiz baino beharrezkoagoak dira.

"Eibar euskaldun izatea lortzea gutako bakoitzaren esku ere badagoelako... HARRO HERRI, Eibar euskaldundu dezagun!"

 

 

Argazkia: etakitto.eus