AKTUALITATEA


| 2022-05-04 10:32:00

Eibarko Museoaren lekualdatzea planteatzen dugu, lehentasunez, erabilerarik gabeko industria eraikin zaharberritu batetara. “Laspiur” eraikina aukera bezela proposatu du EH Bilduk. Aspaldi gabiltza museoaren lekualdatzea eskatzen, museoak hazteko duen potentziala ikusita Portaleako azkenengo solairutik atera beharra dago eta. Gainera, XXI mendeko museoak ezin dira museo pasibo hutsak izan. Turismoa erakartzeaz gain, plus bat eskaini behar diote herriari. Gauzak horrela, Eibarko museo berriak, industria kreatibitatea eta kreatibitate kulturala sustatzeko espazioak ere gehitu behar lituzke. Sormena bultzatu, jakituria garatu eta herrian ere aberastasuna eta enplegua sortzeko. Industrian oinarritutako museo batentzat ez dago eraikin industrial zaharberritu bat baino toki aproposagorik.

Bestalde, Txontan udal arte eskola sortzea ere proposatu dugu. Hau ere, industria eraikin zaharberritu batetan. Errenteriako Niessenen indarrean dagoena ispilu, bertan hainbat arte disziplina eskaintzea du helburu. Hala nola, marrazketa, zeramika, dantza, antzerkia, bertsolaritza, hitza edo eta ikasketa multidisziplanarrak haurrentzat.

EH Bildurentzat premiazkoa da ere auzoen ahalduntzea garatzea eta helburu horretan ekipamenduek asko dute laguntzeko. Auzo etxeen sarea sortzea beharrezkoa da eta birekin hastea plantatzen dugu: Ipuruako Merkatu plaza zaharra batetik, eta ekialderako Barrenan kokatuko litzatekena, Gabilondo zaharberrituan. Herritarrentzat orokorrean eta auzotarrentzat batez ere, erabilgarri izango liratekeen auzo etxe polibalenteak.

Zuzkidura etxebizitzen aldeko apustua ere egin beharko luke udalak datozen urteetan. Hauen plaza defizita larria da. Horretarako, gazteen emantzipaziorako etxebizitzak Txontan egitea planteatzen ditugu. Legarre-Amaña zonaldea ere zonalde soziosanitario izateko duen potentziala agerian utzi du EH Bilduk. Torrekua eraikina edo eta Alfa Microfusion zaharberritua, pertsona nagusi autonomoentzako etxebizitza tutelatuak eraikitzeko toki aproposak direla uste dugu, Ospitalak eskaintzen dituen osasun zerbitzuetatik metro gutxi batzutara. Baita belaunaldien arteko erlazioak garatzeko etxebizitzak kokatzeko ere, batetik gazteen emantzipaziorako eta bestetik, pertsona nagusi autonomoentzako. Hamaika adibide berritzaile daude inguruan, ordua da Eibarren ere gai honetan aurrerapauso bat emateko.