AKTUALITATEA


| 2022-05-10 10:04:00

Hiriko sarrera garrantzitsuenetako bat birgaitzeko aurrerapauso handia eman da. EH Bildurentzat Barrenako Gabilondo eraikina erostea zen ekialdea biziberritzeko akordioan gehitutako marra gorrietako bat. Alderdi guztietatik ari gara tailer industrial hutsak berrerabiltzeko eskaerak egiten. Askotan airera egindako proposamenak dira. EH Bildu behingoz konkreziora jaitsi da. Gabilondoren birgaitze eta berrerabilera eredugarria eta etorriko direnen lehenengoa izatea espero dugu.

Jaurlaritzako PNVk europar finantziazioa lortuta zuela eta PSE eta PNVren aldeko bozkekin Eibarko Udala eta Euskal Trenbide Sarearen artean sinatutako 2010eko hitzarmena indarrean zegoela jakinda, pasealekua egin egingo zen. Beraz, PSErekin sinatutako ekialdea biziberritzeko akordioan hainbat baldintza minimo ezarri genituen: alde batetik, pasealekuaren proiektu berrian ahalik eta hobekuntza gehienak txertatzea (etxebizitzetatik gutxieneko distantzia minimoa handitzea, irisgarritasuna hobetzea igogailuekin, zarata posibleen kontrako neurriak hartzea, permutak eskaini ahal izatea, etab), eta bestetik, batez ere Barrena kalearen goitik beherako birgaitzea aurrera eramatea.

Birgaitze horretan, asko dauka esateko Gabilondoren berrerabilerak. Pasealeku berriak pertsonen fluxua ez hipotekatzeko Gabilondoren berrerabilera eta bertan sortuko den zonalde eta ekipamendu berria erakargarria eta traktorea behar du izan. Auzoari eta herri osoari zerbitzu emango diona. Horretarako, Hirikiten elkartea kontratatu dugu, eremuak dituen aukera guztiak eta legediak ahalbideratzen dituen berrerabilera posibleak aztertzeko. Gabilondon eskuhartzeaz gain, urbanistikoki ere kale osoaren itxura aldatzea da asmoa, hiribide eta koexistentzia itxura emanez, argiteria berriekin, zuhaitzekin. Gainera, kaleko beste bi eraikinekin lanketa egitea ere gehitu genuen akordioan. Eta orain dela gutxi iragarri den bezala, kaleko beste aldean, Barrena 34an, VPO etxebizitzak egingo dira eta ondoko pegorari irisgarritasuna hobetuko zaio.

Pertsonen fluxurako ekipamenduen kokapenek duten garrantzian sakonduz, lan aktibazio eta akonpainamendurako bulego bat ere bertan kokatuko da. Barakaldo kaleko eta Barrena kale erdiko haur parkeak ere auzoko haur, familien eta Urkizu eskolako komunitatearekin parte-hartze ariketa bitartez diseinatuko dira. Parke hauek ere berritzaile eta herri guztiarentzat erakargarriak izateko. Gainera, bertako komertzio txikia biziberritzeko lan ildoa prestatzen ari da Udala.

Nahiz eta aurretik lan asko dagoen egiteko, badoa akordioa gauzatzen. Ekialdetik harago, eraikin industrial hutsak dira Eibarren ezaugarri handienetako bat. 700 tailer huts baino gehiago daude hirian, askok aukera handiak irekitzen dituztenak. Udalaren partetik ausardia gehiago behar da hauek erosi, birgaitu eta berrerabiltzeko. EH Bilduk espero du Gabilondo etorriko direnen lehenengoa besterik ez izatea.