AKTUALITATEA


| 2020-07-28 17:53:00

Atzoko Plenoko puntu bat izan zen Errebal obrarentzat diru gehiago bideratzea. EH Bildu oso kritikoa izan zen erabakiarekin. Obra batek ez al dauka gastu mugarik? Langileriaren lan baldintzak hobetzeko, garbiketa zerbitzua berriz publiko egiteagatik zinegotziok kartzela zigorra izateko arriskua daukagun bitartean, obra batera diru publikoa etengabe bideratu al daiteke? Ez dauka ez hanka ez buru. Oso haserre dago EH Bildu.

2020 urte latza daramagu. Aurrekontuarekin malabarismoa egin dugu, hainbat milioitan aurrekontua murriztu eta krisiari aurre egiteko Talka Plana finantzatzeko. Baina orain, PSOEren Udal Gobernuak 2021eko aurrekontua 710.000 eurotan hipotekatu nahi du, pertsonen ongizatean inbertitu beharrean, porlanean gastatzeko.

Gainera, 710.000 euro gehiago bideratzeak ez du esan nahi obraren likidazioa heltzerakoan enpresak diru gehiago eskatuko ez digunik. Gogorarazi beharra dago azken lizitazio prezioa 6.400.000 eurotan jarri zuela Udalak. Iza-Campezo enpresak irabazi zuen lehiaketa publikoa, milioi bateko beherapenarekin, 5.370.000 eurotan. Dagoeneko 710.000 gehiago eskatu dizkigute. Likidazioan beste 300.000 euro eskatuz gero, obraren bukaerako prezioak Udalak markatutako lizitazio prezioa gaindituko luke! Beste marka bat Errebalen historia tristearentzat.

Nazkatuta gaude enpresa eraikitzaileek eta administrazio publikoek duten joko maltzur honekin. Lehiaketa irabazteko prezioak bota, obra bukatu arte diru gehiago eskatu eta administrazioak etengabe estutuz. Gainera praktika hau normaltzat hartzen da!

Ez kostua bakarrik, epeak ere luzatuko dira eta 2021eko urte erdialdean bukatzea aurreikusten da orain. Gauzak horrela eta PSOEren udal gobernuak 2020rako bukatuta egongo zela askotan zin egin duenez, galdera zehatza bota genien Plenoan, baina ez genuen erantzunik jaso: udal gobernuko kideren batek azaldu ahal dezake bi esalditan ze zerbitzu eskainiko diren zehazki Errebal eraikinean? Dagoeneko zehaztuta egon beharko litzateke baina ez ziren erantzuteko gai izan.

EH Bilduren konpromisoa oso argia da. Eraikina bukatuta eta martxan ikustea nahi dugu. Baina edozein preziotan? Zein da Errebal eraikinak izango duen kostua urte guzti hauek eta gero?