EH Bilduko udal hautetsiak herritarren ordezkari gara, bizi garen herri, hiri zein herritarrentzat hobekuntzak lortzeko ilusioz eta anbizioz egiten dugu lan, eta hori herritarren bizitzak hobetzeko lan egitea da. Baina norabide horretan topatzen ditugun zailtasunak eta oztopoak hamaika dira. Zer esanik ez, oposiziotik politika egitea tokatzen zaigunean. Horregatik, Eibarko ekialdea biziberritzeko lortutako akordioa historikoa izan zen, eta orohar herritarren bizitzak hobetzeko bidean estrategikoa.
Akordio horri esker, gure herriko ekialdea erabat birgaituko eta biziberrituko da. Hainbat urtetan udal gobernuak herriko beste auzoetako proiektuak lehenetsi ditu, eta zer esanik ez erdigunea; Eibar bere osotasunean hartu beharrean, hiriak behar duen orekaz ahaztu eta bestelako interes batzuei lehentasuna eman diete. Gaur eguneko Eibar hiriaren egoera ikustea besterik ez dago: Bi mailatako Eibar eta gainbeheran.
Bestalde, sarritan udal gobernuari ahaztu egiten zaio EH Bildurekin akordioan sinatuta duela, are gehiago, akordioan sinatutakoari muzin egiten dio, EH Bildu gainean egon behar da bertan jasotakoa betearazteko, PSEren jokatzeko modua zein den argi utziz.
EH Bilduk argi izan zuen akordioa sinatzerako garaian hainbat baldintza bete behar zirela, PSEk pasealekua besterik ez baitzuen aurreikusten. Hona hemen, akordioan dauden hainbat baldintza, EH Bilduk akordioa sinatzeko planteatu zituenak:
– Pasealekua bai, baina ez pasealeku hutsa. Pasealekuak paraleloan ekialdean eskuhartze integral bat ekarri behar zuela argi genuen(Barrena, Azitain, Txonta…). Pasealekuak bereziki Barrenako jende fluxua ezin zuen hipotekatu eta eskuhartze integral horrek fluxu hori ahalbideratuko du. Horretarako Gabilondo erostea proposatu zuen EH Bilduk eta eraikina auzoaren traktore bihurtzea aurreikusten da pasealekuarekin batera. Gabilondo zaharberritzeaz gain, bertako espaziorako hainbat irizpide markatu genituen, besteak beste, auzotarrentzako espazio eta asialdirako gune berriak, eta ekialdean lan aktibaziorako bulegoa jartzea, azkenean Gabilondon bertan kokatuko dena, eta auzoko komertzio txikia biziberritzeko programa. Ekialdeko bi haur parkeak (Fausto atzekoa eta Barrenan dagoena) Urkizu ikastetxeak eta auzokideak diseinatzea lortu genuen eta hauek haurrek esandakoa jarraituz, aurten berritu beharko lirateke.
-Proiektu originalean 3-4 metro aldentzen zen etxeetatik, gehiago urrundu behar zela argi genuen eta 8 metrotara aldentzea lortu zen, horrela afekzioak txikitu eta ibilbide osoan distantzia minimo hori bermatzea lortu da. Horregatik urruntzen da pasealekua trenbide gainetik zonalde batzuetan.
-Trenak pasealekuarekin sortu dezakeen zarataren azterketa egin da eta gutxitu egingo dira.
-Eta nola ez, EH Bilduk bere baldintzen artean Electrocicloseko bajuentzat permuta eskaintza egotea eskatu zuen, eta horrela onartu zen. Ez edozein permuta, deslokalizatu gabe eta ahalik eta beraien etxeetatik gertuen, Barrenako Lapeyrako aukera bezala.
Gainera, EH Bilduk ekialdearekin duen konpromisoaren beste erakusle garrantzitsu bat, taldeak Madrilen lortu duen Murrategi auzoa guztiz zaharberritzeko inbertsioa da. Hainbat urte daramatza Udalean proiektuak kajoi batetan gordeta eta hau gauzatuko baldin bada, EH Bilduren apustu sendoagatik izango da.
Argi dago PSEk ez duela nahi publikoki EH Bildurekin sinatutakoa elkarbanatu, argi dago zein den bere bidea. Guk gureari ekingo diogu, baina akordioan sinatutakoa betetzea ezinbestekoa dela argi daukagu.