AKTUALITATEA


| 2022-01-03 09:37:00

Antzerki Jaurdunaldi historikoak ditugu herrian, baina horretaz gain, Eibar kultur erreferente bilakatu ahal izateko hainbat esparru gehiago landu behar direla uste du EH Bilduk. Bi proposamen argi egin dizkio 2022ko PSEren aurrekontuari.

Batetik urtero “Regenerart” Kaleko Arte Festibala antolatzea. Baiona, Tutera, Reus, Ordes, Zaragoza, Morlaix… hamaika eredu arrakastatsu daude Euskal Herrian, Espainiar eta Frantziar Estatuan. Ekimen honen helburua, kaleko artearen bitartez hiria zaharberritzea eta hiriko zonalde degradatuenak birgaitzea da. Festibalak, urtean hainbat fatxada atontzeaz gain, ekintza gehigarriak izango lituzke: kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak, eta abar luze bat.

Bestetik, urtero ere, “Eibar Entzun!” Musika Lehiaketa antolatzea proposatzen dugu. Barakaldoko Hiriko Soinuak du eredu ekimen honek. Proiektu kulturala da, artista musikalak bilatu eta promozionatu, industria musikalarekin lehen hartu emana erraztu eta orohar, sormen eta kultura musikala bultzatzeko asmoa duena. Horretarako, urtean behin, Euskal Herriko bakarlari eta talde musikalei zuzendutako lehiaketa antolatzea proposatzen dugu, beti ere, Eibartik datozen proiektuei arreta eta babes berezia eskainiko diena. Jokoan egon daitezkeen sarien artean, disko profesional baten grabazioa eta arrakasta handiko talde erreferente batekin batera Eibarko Udalak ekimen honen baitan antolatuko duen jaialdian jotzeko aukera egongo lirateke.

Bestalde, Eibar bezelako hiri batek udal Arte Eskola bat merezi duela ere uste dugu. Txontan kokatzea proposatzen dugu, tailer huts batetan. Bertan, indarrean dauden Marrazki, Zeramika eta Musika ikasketez gain, Antzerki, Dantza, Bertsolaritza eta Hitza eskaintzea gustatuko litzaiguke, baita txikienentzat ikasketa multidisziplinarrak ere. Jakin badakigu, anbizio handiko proposamena dela, horregatik, 2022an, udal Arte Eskola Txontan kokatzeko bideragarritasun proiektua idaztea proposatu dugu.

Errebal Plaziako akustika konpontzea

Esandako hiru ekimenez gain, landa auzoetara kultur programazioa zabaltzea ere proposatu du EH Bilduk. Eta baita herritarren artean eta bertan lanean aritu diren profesionalen artean hedatu den kexa batekin bukatzea, hain zuzen ere, Errebal Plaziako plaza estaliaren akustika arazoak konpontzea.