AKTUALITATEA


| 2023-10-23 11:37:00

Gabilondo berriko obrak 2024an hasiko dira eraikinaren bi alboetako zatien eraispenarekin. Gogoratu beharra dago, EH Bildu ekialdea biziberritzeko akordioan egongo ez balitz, PSEren udal gobernuak ez lukeela auzoan ezta Gabilondon eskuhartzerik egingo, beraien lehentasuna, zein egitasmo bakarra, Estaziño-Azitain pasealekua zelako. Ekialdean egingo den epe luzeko eskuhartzea integrala bada, EH Bilduk bultzatu duelako da.

Ekialderako PSEk zuen planteamendu bakarra Estaziño-Azitain pasealekua zen. EH Bildu akordioan sartu zenetik, ekialdea biziberritzeko akordioa, epe luzerako akordio integrala bilakatzen da. Proposamen honi esker, batez ere Barrena auzoan eskuhartzera behartzen dugu PSE, bertan kokatuta dauden tailer hutsak berrerabiliz. Gabilondo eraikinaren berrerabiltzea EH Bilduren urteetako apustu sendoa izan da eta akordio honekin, behingoz, Eibarko Udalaren lehentasuna izatea lortu dugu.

Uneoro argi izan dugu Gabilondo erosi eta bertan erakargune berri bat egin behar genuela auzo, auzotar eta eibartarrentzat. Pertsonen fluxua ziurtatuko duena. Eta lortu, lortu dugu. Gabilondok okupatzen duen lursaila hainbat behar asetuko dituen espazio berria izango da. Hasteko, hilabete gutxi barru ertzak eraitsiko ditu Udalak, Gabilondo eraikin originala zaharberritzeko, patrimonio industriala eta historia balorean jarriz. Ariketa honek, Barakaldo kaletik Gabilondo berriraino aisialdirako gune edo parke zabal berri bat edukitzea ahalbideratuko du. Barrena kaleko bukaera ertzean, aparkaleku berria eraikiko da.

Eraikinaren erabilereri dagokienez, Barakaldo kalean hasiko den parke berriak jarraikortasuna izango du eraikinaren teilatuan, aisialdirako espazioek protagonismoa hartzeko. Barne erabilerak ere hainbat izango dira. Batetik, eskualdeko Garapen Agentziak herritarrentzat eskaintzen dituen arreta zerbitzuak bertan kokatuko dira, lan orientazioaren bulegoa kasu. Enpresa txiki berrientzat coworkingerako espazioa ere egongo da. Balioanitzeko guneak ere egongo dira, feriak, erakusketak, ekimen kulturalak, azokak edo pop up dendak antolatzeko. Eta nola ez, auzoarentzako auzo etxea edota zerbitzu soziokulturalak eskainiko dituen espazioa ere egongo da bertan, bilera gela zein ikasketa gelekin.

Herriko ekialdea modu integralean zaharberritzeko EH Bilduren apustua sendoa da. Epe luzerako apustua, pausoz pauso betetzen ari garena. Ekialdea eraberritzeko proiektua osatzeko, gogoratu beharra dago ere, EH Bilduk Madrilen 3 milioi euro lortu dituela Murrategi auzoan eskuhartzeko eta ibaiari lotutako aisialdirako gune handi bat sortzeko.